GARA > Idatzia > Mundua

Ordena lehengoratzeko eta Israelen kontrako erasoak gelditzeko eskatu du Abbasek

Mahmud Abbas presidente palestinarrak ordena berriz ezartzeko dei egin zien atzo segurtasun erakundeei, eta erresistentziako taldeei Gazatik Israelen kontra egiten dituzten erasoak bukatzeko eskatu zien. Era berean, nazioarteko komunitateari enbargoa kentzeko dei egin zion.

GARA |

Mahmud Abbas presidente palestinarrak Segurtasun erakundeei dei egin zien atzo ordena berriz ezar dezaten, eta erresistentziako mugimenduei, Israelen kontra Gazatik egiten dituzten erasoak geldi ditzaten. Hirugarren dei bat ere egin zuen, nazioarteari zuzendua, enbargoa ken dezan.

Gazako iparraldetik Israelgo hegoaldeko herrien kontra Al kasam suziriak jaurti dituzten milizianoei, «suziri zentzugabe horiek» jaurtitzeari uz diezaioten aholkatu zien. Azken jaurtiketa atzo izan zen Sderot hiriaren kontra. Lantegi baten biltegian eragin zituen kalteak. Baina ez zuen inor zauritu, langileak ez zeudelako, atzo atseden sabatikoa baitzen Israelen.

Aipaturiko jaurtiketak Palestinako Askapenerako Fronte Demokratikoko miliziano baten heriotzari erantzun zion. Fuad Maaruf 22 urteko palestinarra Israelgo Aire Armadako helikopteroek egindako erasoaren ondorioz hil zen. Israelgo iturri militarren arabera, hildakoa eta Yihad Islamikoko militante bat mugako itxituran lehergailu bat ipintzen ari ziren eraso zietenean.

Aginte Nazional Palestinarraren 10 segurtasun erakundeei «kalean legea eta ordena lehengoratzeko eta kaosa amaitzeko» eskatu zien. Adierazpen horiek Palestinako Kabinete nazionalaren premiazko batzar baten ostean egin zituen, miliziek eta talde armatuek eragindako anarkiari eta segurtasun ezari aurre egiteko batzartu baitziren. Hani al Kawasmi Barne ministroaren plana aztertu behar zuten; izan ere, 100 egunean legearen inperioa ezartzea planteatzen baitu.

Hamaseko eta Al Fatahko milizien artean atzo izan zen azken liskarrean, Ghasem Bayrie Al Fatahko sindikalista ezaguna eta 45.000 langile publikoren liderra zauritu zuten.

Israelen erasoa

Israelgo Aire Armadako helikoptero batek miliziano talde palestinar bati eraso zion, eta haietako lagun bat hil zuen atzo Gazan; beste lau pertsona zauritu ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo