GARA > Idatzia > Errugbia

Biarritzi irabazteak bakarrik balio dio

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Biarritzi ez dio irabazteak beste ezerk balio, aurten ere ligako finalerdiak jokatu nahi baldin baditu. Pasa den larunbatean Montaubanekin etxean berdindu zuen eta horrelako huts gehiago egiten baditu oso zaila izango du bigarren fasea jokatzea.

Gaur Agen iritsiko da Biarritzera. Frantziarrak sailkapeneko bederatzigarren postuan daude eta horiek ere puntuen premia handia dute. Jaitsierako postuak sei puntutara dituzte eta alde hori ez da ezer ere. Nahikoa da bi emaitza txar lortzea behean jartzeko eta gaur Agileran 20.30etatik aitzinera jokatuko den partidan zerbait lortu nahi dute. Biarritzen bolada txarraz baliatu nahi dute puntuak urratzeko.

Biarritz baja askorekin agertuko da gaur, baina horrek ez du izan behar aitzakia, lerro bakoitzeko hiru jokalari on baititu taldeak. Gainera, Agen berak ere baja asko ekarriko ditu eta deialdia osatu ahal izateko junior taldeko hiru jokalari ere deitu behar izan ditu.

Beraz, gertatzen dena gertatu, lapurtarren bajak ezin dira aitzakia bezala erabili. Biarritz ez da denboraldi ona egiten ari eta hori ez du inork zalantzan jartzen. Ligan bosgarren postuan daude, laugarrengotik hiru puntutara. Beraz, lapurtarrek ez dute helburua oso urruti, baina horretarako hutsik ezin dute egin, bestela aurrekoek ihes egingo diete eta orduan ez da haiek harrapatzeko astirik geratuko.

Baja askorekin

Biarritz baja askorekin izango da gaur Agilerako berdegunean, Dambielle, Wesel, Cabannes, Lealamanua, Masi, hal, Carizza, Couzinet, Dellape, Harinordoki eta Pardo ez baitira jokatzeko moduan izango. Hori dela-eta, Malonga eta Thion hasierako hamabostekoan izango dira. Yachvilik eta Peyrelonguek ere atseden izan zuten pasa den larunbatean, baina gaur hasieratik arituko dira.

Agenen egoera ere ez da askoz hobea, jokalari asko faltako baititu gaurko partidarako. Meews, Galoso, Popescu, Tiatia, Caucanibuca, Gelez eta Miquel ez daude jokatzeko moduan eta deialdian junior mailako hiru jokalari sartu dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo