GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KANPOTIK

Ikuskizuna izugarria izan da Pena, sentsazio nagusia

Iñigo Chaurreau

Hasiera batean beste faborito batzuk zeuden: Contador, Marchante eta Samuel bera. Azkenean, ordea, ezusteko batekin bukatu da nahiz eta lasterketa osoan Cobo oso indartsu zegoela ikusi den. Viciosok ere puntu asko lortu zituen Gasteizko bidean gertatutako joko taktikoarekin eta bien arteko borroka ikusi dugu erlojuaren kontra.

Viciosok egindako lana mirestekoa izan da, baina Cobo indartsuago zegoen eta horrek balio izan dio goraka joateko. Samuelen etapa-garaipena ere zoriondu beharra dago. Hasieran pixka bat makal zegoen arren, egunak igaro ahala, hobetu egin du eta Euskaltelen lan ona borobildu du. Saunierren txirrindulariak indartsuenak izan dira fisikoki eta beharbada gutxien espero genuenarekin lortu dute garaipena.

Partaide guztien jokaera txalotu behar da, ikuskizuna izugarria izan baita. Egunero gertatu da zerbait gozatzeko. Txirrindularien iritzia ulertu arren, ibilbidea gogorregia zela esan baitzuten, betidanik Euskal Herriko Itzuliaren izenordea gogortasuna izan da eta antolatzaileen alde jokatu nahiko nuke.

Ikusi dugun txirrindularitza goi mailakoa izan da eta taldeak gizon indartsuenenekin etorri dira: Lampre, Rabobank, CSC,... Hala ere, izar nagusiak ez dira lasterketa irabaztera etorri. Gaur egun ohitura edo joera dago beste lasterketa batzuk prestatzeko. Badirudi ibilbidea hain gogorra izateak beldurra ematen duela eta beste askok prestakuntza moduan hartzen dute.

Ostiralean egun guztia borrokan ibili ondoren, helburua bete eta Oiartzunera heldu nintzen. Erlojupekoan ateratzeko posibilitatea zen nire pentsamendua irteeratik. Nekatuta nengoen lehen kilometroetatik topera joan zen lasterketa. Baina kontroletik kanpo geratzean, pena izan da niretzat protagonista, sentsazio nagusia. Goizean, taldekide batzuei ibilibidea erakustera irten nintzen. Ondo ezagutzen nuen eta igarotzen nintzen aldapa eta kurba bakoitzean arratsaldeko erlojupekoan imaginatzen nintzen. Jendez beteta eta denak animatzen. Gainera, aldapa batean pintadak ikusi ditudanean nire izenarekin eta txapeldun jartzen zuela, pena areagotu egin zait. Baina zer egingo diogu gauzak horrelakoak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo