GARA > Idatzia > Ikusmira

Herritarrek Correaren «iraultza» babestu dute

 

Ekuadorko presidenteak garaipen garrantzitsua lortu zuen joan den igandeko erreferendumean. Herritarren gehiengo zabalak Biltzar Konstituziogileari ateak zabaldu ondoren, aldaketa politiko sakonak bultzatzeko prest azaldu da Rafael Correa. Presidente aukeratu zutenetik hiru hilabete soilik pasatu dira, eta bere egitasmoak gauzatzeko bultzada handia izan daiteke erreferenduma. Laster batean biltzar berria osatzeko hauteskundeetara deituko du, eta kontsultaren emaitza ikusita Correak oso aukera handiak ditu bere gustuko gehiengoa osatzeko Parlamentuan. Presidentearen proposamenak onartzen ez dituztenak, aldiz, porrota onartzera behartuta daude. Eskuin eta ezker, ohiko alderdi sistemaren ordezkariak dira galtzaile nagusiak. Izan ere, lurralde eta erreforma politikoa bultzatu nahi dituen presidenteak erronka handiak ditu aurrera begira, eta aliantzak beharko ditu bata eta bestea gauzatzeko. Erakundeak demokratizatzea eta iruzur politikoaren aurkako neurriak hartzea ezinbesteko pausoak izanik ere, Correak justizia soziala areagotzea espero dute bere erreforma sostengatu dutenek: indigenak, txiroak. Kanpoko zorra ordaindu ostean, arlo estrategikoak estatuaren menpe jarri nahi ditu presidente berriak. Politika ekonomikoa izango da Correaren «iraultzaren» neurgailu fidagarrienetarikoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo