GARA > Idatzia > Ikusmira

Lurraren aldeko protestak jarraitu egingo du

Lur Berri kooperatibako Administrazio Kontseiluak bilkura egin zuen atzo, baina haren erabakia ez zen kooperatibako bulegoan protesta egiten ari direnen gogokoa izan, hazi transgenikoak saltzen jarraituko baitu, zazpi hektareatik behera dituzten laborariei salduko ez badie ere. Itxialdia egiten ari direnek, berriz, kooperatibako zuzendaritzari eskaerak helararazi zizkioten: hazi transgenikorik ez saltzeko eta ereindako arto transgenikorik ez erosteko. Ez da zilegi genetikoki eraldatutako produktuek ekar ditzaketen ondorio kaltegarriak Europako eta Estatu frantseseko legeen babesean zuritzea, Lur Berrik egin duen bezala. Horregatik herritar asko ez dago prest lege horiek baimentzen duten kutsaduraren mehatxua onartzeko eta segida emango diote protestari. Ekoizle, laborari eta kontsumitzaile horiek 200 inguru ziren asteburuan; atzo, berriz, kooperatibako Administrazio Kontseiluak bilkura egin bitartean, 500 lagun bildu ziren kanpoaldean, eta eragile askoren sostengua jaso dute egunotan; Ipar Euskal Herriko 55 alkaterena tartean. Zentzuzkoa dirudi eskatzen duten eztabaidak; laborarien eta kontsumitzaileen ikuspuntua ezinbestekoa da, interes ekonomikoaz gainera beste faktore batzuk kontuan hartu behar baitira, hala nola hazi horien alde egiteak ekar ditzakeen ondorioak. Azken batean, lurraren eta, hortaz, herritarren osasunaz ari gara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo