GARA > Idatzia > Kultura

Beñat Sarasola donostiarrak «Kaxa huts bat» poema liburua plazaratu du Susarekin

I.L. | BILBO

Beñat Sarasola (Donostia, 1984) da Susak argitaratu berri duen ``Kaxa huts bat'' poesia liburuaren egilea. Gazteak 48 olerki bildu ditu izenburu horren azpian, lau ataletan banatua: lehen taldean, poesia eta artearekin harremana duten testuak jaso ditu; bigarrenean, objektu galdu- ekin zerikusia dutenak; hirugarrenak giza harremanekin du lotura, eta azkenak, aberriarekin.

Poesiarik zaharrenak bost bat urte ditu baina gehienak azken urte eta erdian idatziak dira.

«Nire barrutik ez dute gehiegi poema hauek. Sormena imajinazio karga handiarekin ulertzen dut, eta ez du logikarik poema bat zentzu autobiografikoan irakurtzeak», esan du Sarasolak.

Irakurterraza

Irakurleak erraz irakurtzeko testuak direla dio. «Tonu kolokiala dute. Ulertzeko zailtasunik egon daiteke, agian, erreferentzia literarioengatik: erreferentzia batzuk zuzenak dira, baina beste batzuk, ez horrenbeste», esan du. Umorez eta ironiaz jositako orriak dira. Sarasolak nahita eginiko zerbait da. Halere, umorezko poema bat dela uste izaten den hori beste batek beste tonu batean jaso ahal duela esan du.

Erreferentzia literarioak baino areago «kulturalak» direla zehaztu du egileak. Batzuetan omenaldi bezala egindako aipuak dira. «Baina ez da hori funtsezkoena -dio-. Gehienetan testua osatzeko baliagarri izan zaizkidalako ekarri ditut testuetara». Hala, gustuko dituen idazleak eta gustuko ez dituenak ditu gogoan liburuan.

Azala Xabier Gantzarainek diseinatu du eta izenburuak liburuaren ideia nagusia laburbiltzen du. «Poesia bera, neurri batean, kaxa huts bat da baina paradogikoki betea dagoen kaxa huts bat. Liburu hau ere jendez, objektuz, lekuz beteta dago».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo