GARA > Idatzia > Zinema

Gastronomia zinemaren ikuspuntutik, Cinegourland-en

Ikus-entzunezkoetan gastronomia lantzen deneko era aztertzearren ekin zioten iaz Cinegourland zinemaldiari Biasterin. Aurten, proiekzioez gainera, irakaspen hitzaldiak, erakusketak, mintzaldiak eta dastaketak izango dira. Eta, sari nagusia, Geraldine Chaplinentzat.

A. A. | DONOSTIA

Gastronomia lehenengo mailan jarrita ekingo diote heldu den hilabetean Zinema eta Ikus-entzunezko Gastronomiaren Nazioarteko Cinegourland Jaialdiko ekitaldiei. Ikus-entzunezko euskarrietan jakiek betetzen duten tartea aztertzeko helburuz sortu zuten jaialdia iaz eta, izandako arrakastaren ondorioz, bigarrenari egin diote bide aurten. Antolatzaileen hitzetan, «elkarbizitzeko, eztabaidatzeko, ikasteko, elkarbanatzeko eta lasaitasunez dastatzeko jaialdia da, helburutzat ikus-entzunezko panorama gastronomikoaren azterketa egitea duena».

Hartara, hilaren 2tik 4ra Biasterin proiekzioak eta eztabaidak, arkitektura gastronomikoari buruzko argazki erakusketa -«Lood&Food», Biasteriko Samaniegotarren Etxean- eta beste hainbat ekimen antolatu dituzte. Eta, nola ez, inguruko taberna eta jatetxe gehienek jaki bereziak eskainiko dituzte jaialdiak irauten duen artean.

Zinemaldiaren nortasuna aintzat hartuta, ekimen gehienak Villa Lucia Ardoaren Gaikako Gunean egingo dira eta, Biasteritik kanpo, Gasteizen ere egingo dira ekitaldiak; Artiumen zenbait proiekzio izango dira eta Mendizorrotzako Hostalaritza Eskolan sukaldaritza irakaspen hitzaldiak emango dira. Ekimen guzietarako sarrera doakoa da, baina ekitaldiko pertsona kopuru jakin bat hartuko da.

Zinemazaleak eta gourmetak

Jaialdi guztietan ohiko izaten den moduan, Cinegourland-en ere izaten dira sariketak. Zinema eta gastronomia uztartzen jakin duten pertsonaiei omenaldia egiten die zinemaldiak eta, oraindik guztiak jakinarazi ez dituzten arren, dagoeneko iragarri dira «Zinemazale&Gourmet» deituriko sariak eramango dituzten zenbait pertsonaiaren izenak. Horien artean, aipamen berezia jasoko du Geraldine Chaplinek. Martin Scorsese, David Lean eta Robert Altmanen zuzendaritzapean antzezle aritutakoak -Charles Chaplinen alaba bera- gastronomiarekiko lotura estua erakutsi duelako jasoko du saria eta, berarekin batera, Joan Roca eta Manuel de la Osa sukaldariak, Xabier eta Juan Miguel Gutierrez («Cocinar de cine» liburuaren egileak), eta Enric Canut eta Mandi Ciriza kazetariakizango dira sarituak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo