GARA > Idatzia > Euskal Herria

Balea,euskal kostaldea zipriztindu eta aberastu zuen animalia

Oso noizean behin izaten dugu baleen berri, baina Erdi Aroan ugari ziren euskal uretan. Horregatik akaso euskaldunek animaliok arrantzatzeko teknika oparoa garatu zuten eta aitzindari izan ziren euren harrapaketan bai euskal kostaldean eta Ternuan.

Maider EIZMENDI

Orion 1901. urtean agertutako balearen historia da, seguruenik, euskaldunak eta balearen arteko erlazio estuaren adibiderik garbiena, baina zenbait herritako armarrietan, Zarautz, Hendaia, Getaria, Bermeo, Lekeitio eta Biarritzekoak kasu, balearen irudia izateak ere animalia horrek Euskal Herrian zuen sona eta pisuaren erakusgarri dira.

Euskalduna aitzindari izan zen balearen harrapaketan. Bizkaiko Golkoan ugari zen animalia hori, kostaldetik gertu sakontasun handia hartzen du itsasoak eta baleek jaki ugari aurkitzen zuten bertan. XII. mendekoak dira balea harrapaketaren gaineko lehen dokumentazioak. Horrela adierazi du, XVI. eta XVII. mendeko Euskal Herriko arrantzan aditu Michael Barkham historialariak. Animaliaren handitasunak erakarrita-edo, baleak arrantzatzeko teknika garatua landu zuten euskal kostaldean. Talaien bidez ikuskatzen zituzten uretan eta herriko mugetan zegoela ziurtatu ostean txalupa mordoa irteten zen arpoiak eskuan. «Orduko testuak diote ikusgarria zela irudia, baleak zaldiak karroa bezalaxe, arrastan eramaten zituela txalupak, hil bitartean», gogora ekartzen du Barkhamek. Beste herri batzuetan, kostaldean hilik aurkitutako baleez baliatzen ziren. «Euskaldunak ere seguraski hilda agertu zitzaizkien baleak ezagutuko zituzten lehenik».

Kontuan hatzekoa da baleak haragi gorri eta olioa egiteko gantz ugari eskaintzen zietela arrantzaleei eta laster ekin zioten kostaldean horiek harrapatzeko teknika garatzeari. «XVI. mendean balea harrapatzen zekiten bakarrak ziren euskaldunak, geroago zabaldu zen jakintza hori gainerako lekuetara». Hala, garai honetan balea arrantzale komertzial bakarrak izan ziren. «Prozesu guztia sistematizatzea lortu zuten eta arpoiaren erabilera garatu zuten». Kostakoa zen arrantza hura, euskal arrantzaleak ez baitziren itsasora barneratzen balea bila, talaietatik ikusi ahal zirenean, arrantzan irteten ziren portutik, euren txalupa txikiak baliatuta. Balea bat arrantzatzeak jaia ekartzen zuen herrira, diru iturri handia baitzen, horregatik, akaso, kostaldeko herrien arteko gatazkak ugari ziren aldi hartan balea baten edo bestearen uretan zegoen zehazteko.

Ondoren Ameriketarako saltoa egin zuten euskal arrantzaleek. Ternua deskubritu zuen italiar batek Txina ezagutu nahian zebilela. Etxera bueltan etsita iritsi omen zen, aurkitutako lurrean pinuak eta bakailaoa besterik ez zegoela esaten. «Bakailaoa zestoarekin harrapatu zitekeela esan omen zuen eta berehala jarri zituzten europarrak Ternuara bidean hitz haiek, tartean euskaldun ugari». Bakailaoak baino, bertan ikusitako balea kopuruak erakarri zituen, ordea, Euskal Herritik joandakoak. «Euskal kostan oraindik ere baziren baleak, baina bertan askoz ere gehiago topatu zuten». Beraz, bakailao arrantzarekin batera, balearena ere egin zuten Ternuan eta industria gisa garatu zuten baxurako arrantza izaten jarraitu bazuen ere. «Urte bakarrean 400 ere harrapatzen zituzten, hori horrela Euskal Herriko kostaldean apenas gelditzen zen arrantzalerik, Ternuara bidean jartzen baitziren ia guztiak».

Gainerakoei irakasle lanetan

Baina XVI. mendean merkatari ingeles eta nederlandarrak balearen olioaren balioaz jabetu ziren euren portuetara iristen baitziren euskaldunak. Oraindik ere ezezagun zaie, ordea, baleak harrapatzeko teknika. «Euskaldun arrantzaleak kontratatu zituzten Europa iparraldera balea bila joateko eta euren arrantzaleei teknika irakasteko». Hala eta guztiz ere, euskaldunek balea arrantzan aitzindari izaten jarraitu zuten, Lapurdikoek balearen gantza ontzian bertan urtzeko teknika garatu baitzuten, kostaldera bertaratu beharrik gabe. Gipuzkoarrei eta bizkaitarrei, guda medio, Ternuara joateko aukera murriztu zitzaien.

Pixkanaka-pixkanaka eta egindako arrantza masiboaren eraginez, neurri handi batean, balea kopuruak behera egin zuen eta animalion arrantza noizbehinkako jarduera bilakatu zen, nobedade. Orioko balearen arrantzak eragindako zalaparta da adibide. Oraindik orain, ordea, balea animalia esanguratsua da euskal kostaldean, «maitatua», dio Barkhamek. «Ohartuta gaude euskaldunek balea harrapaketan egindako lanaz, egiten ari diren ikerketen bitartez, ondasun kultural horren balioaz jabetzen ari gara eta hori babestea eta jakinaraztea ezinbestekoa da».

Zerk erakarri du kanadar bat euskal balea harrapaketa ikertzera?

«Historio luzea da oso», esaten abiatu da, baina katramilatua bezain interesgarria da Barkham euskal balea arrantzaleak ikertzera eraman duen bidea. Aitak egin zuen lehen kontaktua Euskal Herriarekin «ingeles arkitektua bera, euskal baserria aztertzera etorri zen». Ondoren, Kanadara joan zen eta bertan ezagutu zuen Michaelen ama, Shelma Huxley ikerlari ezaguna. «Eztei-bidaian ere Euskal Herrian izan ziren». Aitaren heriotza goiztiarraren ostean, amak hartu zuen Euskal Herriarenganako interesaren testigua eta historialaria bera, Kanadan izandako euskaldunen lehen pisten berri izan zuenetik ikertzeari ekin zion. Ama du hain justu ere, euskal balea arrantzaleen gaineko historia landu duen ikertzaile goiztiarrenetarikoa, eta «medikuen semeek mediku izan nahi duten bezalaxe», euskal arrantzaleekiko grina bereganatu zuen Michaelek. Egun Donostian bizi eta lan egiten du ikerlari kanadarrak. M.E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo