GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14

Biarritz finalerdietatik gertuago dago orain

Biarritzek lehen zati txarra egin zuen, eta 6-0 atzetik zela joan ziren atsedenera. Bigarren zatian, ordea, aspaldi ez bezain ongi jokatu zuen

PERPINYA 15

BIARRITZ 23

Jon LEUNDA | BAIONA

Biarritzek Ligako finalerdiak jokatzeko urrats handia egin zuen atzo Perpinyaren zelaian irabazita. Atzoko partidaren aitzinetik, kataluniarrak ziren laugarren, eta euskaldunak, bosgarren. Baina atzokoaren ostean, orain lapurtarrak dira laugarren jarri direnak, eta Pepinya da orain bosgarren.

Ezinbestekoa zuen atzo talde zuri-gorriak Katalunian irabaztea, bestela ia ezinezkoa izango baitzuen hurrengo faserako sailkatzea, eta horixe egin zuen. Zalantza asko zituen zaleak; izan ere, euskaldunak ez baitira batere ongi ari denboraldi honetan, eta batez ere etxetik kanpo, han asko kostatzen baitzaio puntuak batzea.

Atzo ere ezin esan ikaragarrizko lehen zatia egin zuenik, eta Euskal Herritik Kataluniara joan ziren zaleek zalantza asko zituzten jokalariak atseden hartzera joan zirenean. Lehen berrogei minutuak ez ziren onak izan. Bi taldeek errespetu handia erakutsi zioten elkarri, eta horrelakoetan zaila izaten da zerbait ikustea. Halaxe izan zen. Bi taldeak entseguko marratik nahiko aparte ibili ziren, eta etxekoek lortu zituzten sei puntuak bi zigor-kolperi esker izan zen. Ondorioz, 6-0 Perpinya aurretik zirela joan ziren atseden hartzera.

Dena aldatu zen

Biarritzeko jokalariek atsedenaren ostean erabat aldatu zuten jokoa. Garbi zegoen lehen berrogei minutuetan erakutsitakoarekin jarraituta ezinezkoa izango zela zerbait lortzea, eta garaipenaren bila zelairatu ziren bigarren zatian, partida iraultzeko asmoarekin. Lehen hamabi minutuetan, gainera, partida alde jarri zen, eta zazpi puntuko aldea lortu zuten. Yachvilik, zigor-kolpe bati esker, markagailua murriztu egin zuen, eta jarraian, Bobok lehen entsegua egin zuen, eta berriro ere Yachvilik transformatu. Horren ondoren, lapurtarren jaurtitzaileak zigor bat gauzatu zuen, eta 6-13koa jarri zuen markagailuan.

Emaitza horri, etxekoek beste zigor-kolpe bat lortuta erantzun zioten, eta 9-13 jarri ziren, baina bigarren zati horretan denok nahiko genukeen Biarritz zen, eta garaipena nahi zuen. Hala ere, etxekoek ere aurrera egiten zuten, haiek ere sailkapena baitzuten jokokan. Zigor bati esker puntu bakar batera gerturatzea lortu zuen.

Etxekoen itxaropenak, ordea, Lievremontek zapuztu zituen, bigarren entsegua egin baitzuen, eta Yachvilik ez zuen barkatu transformazioarekin. Bi minutu geroago, lapurtarren jaurtitzaileak, drop bat egin zuen, eta 13-23koa jarri zuen; norgehiagoka nahikoa bideratuta utzi zuen.

Etxekoen presioak, ordea, Biarritz atzeraka bidali zuen, eta azkeneko minutuetan Perpinya saiatu zen markagailuari buelta ematen, baina ezin izan zuten lortu, eta puntuak Biarritzera joan ziren euskaldunen zorionerako.

 

Ezer erabaki gabe dago

Biarritzek atzo urrats handia egin zuen, baina ez dago ezer erabakita, puntu batera baitute Perpinya. Atzo galduta, gauzak oso zail jarriko ziren zuri-gorrientzat, baina orain ere ez daukate lo geratzerik, bestela kanpoan izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo