GARA > Idatzia > Kirolak

Aviron

Itxaropena mantentzeko balio du berdinketak

AGEN 16

AVIRON 16

J.L. | BAIONA

Avironek mailari eusteko beste urrats bat egin zuen atzo, Agenen zelaian. Aurkari zuzen bat zuen atzo aurrean, eta gutxienez berdinketa bat eskuratuta etxeratu ahal izan zen.

Atzo galdu izan balute ere, eta ikusita gainerako taldeek lortu zituzten emaitzak, ez lirateke jaitsierako postuetan sartuko, baina egoera okerragoan geratuko lirateke. Ageneko berdinketak indarra ere emango zien gainerako norgehiagoketarako, hiru besterik ez baitira geratzen Liga amaitzeko.

Bigarren zati ona

Norgehiagoka horretan ere, lapurtarrek bigarren zati hobea egin zuten, lehenengoan ez baitziren horren fin aritu. Biek zuten asko jokoan, eta hemen ere errespetua izan zen nagusi. Honelakoetan zaila izaten da partida handia ikustea, eta ez zen izan.

Lehen zatian etxekoak hobeak izan ziren. Zuri-urdinak baino hobeto ibili ziren, edo puntuak egiterakoan, behintzat, hobeto ibiliz iren, eta 10-6koarekin joan ziren atseden hartzera.

Bigarren zatian, ordea, Avironek bazekien ezin zuela galdu, eta garaipenaren bila atera ziren. Bigarren berrogei minutu horietan hobeto aritu ziren, batez ere azkenekoetan, eta horri esker berdinketa lortu zuten. Agian garaipena ere lortzeko adina meritu egin zituzten azkeneko minutu horietan, baina ez zen horrela izan. Alde horretatik, puntu banaketa ere ez zen txarra izan, eta Baionatik Agenera joan ziren zale andanek ederki ospatu zuten amaieran.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo