GARA > Idatzia > Hemeroteka

Imanol Murua Uria 2007/5/4. BERRIA

Infiltratuak

(...) Auzitegi Konstituzionalak konpontzen ez badu, panorama ondo nahasia utziko du Zapateroren Gobernuaren jokabide horrek foru eta udal erakundeetan: Nafarroako Parlamentuan ezker abertzalearen batere adierazpiderik ez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietan adierazpide mugatua -barruti batzuetan aurkeztu ahal izango da EAE-ANV, baina beste batzuetan ez-, eta ehundik gora udaletan ateak itxita, eta beste hainbestetan nolabaiteko ordezkaritza, EAE-ANVren bidez, baina ez ASBren bidez. Emaitza: beste lau urte gatazkatsurako hazia ereinda gelditu da, hainbeste erakundetako defizit demokratiko nabarmenarekin.

Baina zerk bultzatu du Zapateroren Gobernua bide hori hartzera? PPrekin duen pultsuan, EAE-ANV osorik pasatzen uztea garestiegi aterako zitzaiola kalkulatu bide zuen. Boto parrastada handiegia galduko zuela Espainian, ezker abertzalearekin eskuzabalegi jokatuz gero. Eta bidea ixtea erabaki du, erdizka bada ere.

Ezker abertzalearekin duen pultsuan, berriz, estutzen jarraitzeko hautua egin du, prozesua berpizteko apustua egin gabe, baina, bide guzti-guztiak ixteak ETAren su-etenaren bukaera ekar dezakeela jakitun, zeharo ito gabe, herri batzuetan arnas pixka bat emanda. PSOEren Gobernuaren aspaldiko estrategiaren jarraipena, azken batean: su-etena hausteko ahalik eta aitzakia gutxiena eman, baina konponbiderako prozesuaren alde urratsik eman ez.

Esan eta esan ari ziren, Barajasko atentatuaren ondotik, prozesua bukatu egin zela. Eta benetan bukatu egin nahi dutela ematen du horrelakoetan, sinesten zaila den arren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo