GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Patxi Azparren eta Joxe Migel Agirre (Euskaria), Jesus Mari Zalakain (Herria 2000 eliza), Alberto Gabikagojeaskoa (Gernika Batzordea)

Udalbiltza berrantolatu eta berrelkartu

Egoera normalizatuan eta bortizkeria- adierazpiderik gabeko eskenatokian Udalbiltza erakunde bakar batean berriro biltzea posiblea eta funtsezkoa da

Udalbiltzaren sorrerak garrantzi berezia ukan zuen 1998. urtetik aurrera ematen hasi ziren aldaketen baitan. Urte eta erdiko epean, herrigintzako ikuspegitik aurreko hamarkadetan erantzun ezinean ibili ginen hutsuneei behar bezalako erantzuna ematen hasi zitzaien. Eratzen hasi ziren estrategia edo erantzun horien guztien artean, Euskal Herri osorako nazio-erakundearen jaiotza, izaera politikoa izango duena, izan da nagusia.

Udalbiltzak baditu ezaugarri berezi eta garrantzitsu batzuk, hots: herrialde guztietako ordezkariak biltzea; alderdi abertzale guztietako kideak zein alderdietatik independenteak direnak biltzar berean elkartzea; Estatuek ezarritako mugen gaindiko ekimenak bultzatzea...

Udalbiltza Euskal Herri osorako erakundea da, baliabide ekonomikoak ditu, eta herrigintzan eraginkorra izan daiteke.

Tamalez, ordea, garai horietako beste amets gozoekin gertatu bezala, Udalbitzarena ere Kafkaren ipuina bilakatu zen: Udalbitza zatituta, bi buruko izaki arraroa bihurtu zitzaigun.

Zatiketetan, gehienetan, bi pusken arteko batuketak ez du lehengo emaitza bera ematen. Politikan 2 gehi 2 ez dira 4, bidean beti zerbait galtzen baita. Udalbiltzaren kasuan AB-ko hautetsiak galtzeaz gain, askoz gehiago ere galdu zen, indarra eta herrigintzaren inguruan elkarla- nean aritzeko itxaropena alegia.

Batasunaren ilegalizazioa etorri zen gero eta egoerak okerrera jo zuen. Demokratikoak ez diren baldintzetan bizirautea ez da lan makala izan.

Une honetan, idazten ari garen unean, Batasunak ordezkatzen duen herritarron zatiak ordezkaritza izango duenentz ez dago ziurtatzerik. Ordezkaritza hori bermatzea lehenengo baldintza da Kafkaren ipuinari bukaera emateko eta amestutakoa errealitatearen alde auzolanean jar gaitezen.

Egoera normalizatuan eta ezelango bortizkeria-adierazpiderik gabeko eskenatokian Udalbiltza erakunde bakar batean berriro biltzea eta zati puskatuetatik berriro indarrez sortzea posiblea eta funtsezkoa da.

Ez gara urruneko gertaeraz ari, oso hurbileko kontuetaz baizik. Hegoalde eta Iparraldeko udaberriko hauteskundeak hortxe bertan ditugu, eta horiek eta gero, Udalbiltzaren berrantolaketari ekin behar zaiola uste dugu. Haratago, hurrengo hauteskundeetan parte hartu nahi duten hautagaiei konpromiso hori eskatu nahi diegu, hau da, Udalbiltza bateratuaren hautetsiak izango direla hitz ematea.

Euskal Herriko zelai politikoan proposamen berriak daude. Edukiak 1998an zeuden edukiak baino zehatzagoak dira. Abiadura ezberdinetako prozesuak aurrikus daitezke, errealistagoak, apalagoak, egingarriagoak, Europako beste hain- bat herrik martxan dituzten tresnetatik hurbilago.... Nolanahi ere, hortik atera daitekeen formula zehatzetik haratago, Euskal Herriak jasaten duen lurralde zatiketa gaindi lezakeen nazio erakundea berrindartzea ezinbestekotzat jotzen dugu.

Alta, Euskal Herriko biztanle guztiengan eta Euskal Herritik at bizi diren euskal herritar ororengan eragina ukan lezakeen erakunde baten beharra dugu hor kokatzen baitugu guk Udalbiltzaren betebehar nagusia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo