GARA > Idatzia > Euskal Herria

Laudiok hartuko du aurten Naziotasun Eguna ekainaren 2an

Euskal Herriaren naziotasuna eta herritarrek euren oraina eta geroa erabakitzeko duten eskubidea aitortu ditzaten ekin zion Bai Euskal Herriari ekimenak Naziotasun Eguna antolatzeari. Laudion izango da aurten bosgarrenez egingo duten jaia. Ekainaren 2an jarri dute hitzordua, eta herritar orori egin diote gonbita Arabako herri horretara bertaratzeko.

GARA |

Laudiok hartuko ditu aurten Naziotasun Egunaren bosgarren edizioko ospakizunak. Ohitura den legez, ekaineko lehen astebururako -hilak 2- jarri dute hitzordua Bai Euskal Herriari ekimeneko kideek, Aiaraldeko herri horretan.

Jaiaren aurkezpenaren karietara atzo iluntzean egindako agerraldian Bai Euskal Herriari ekimeneko eledun Alfonso Saizek adierazi zuenez, beste urte batez euskal gizartearen konpromisoak eta determinazioak eramango dute Euskal Herria beste agertoki batera; bere orainari eta geroari buruz erabakitzeko eskubidea aitortuko zaion agertoki batera, alegia. «Euskal Herriaren geroa euskal jendartearen eskuetan dago. Nazio gisa antolatu, pentsatu eta arituz lortuko dugu Euskal Herriaren geroa eraikitzea», adierazi zuen Saizek. Bide horretan eta helburu horrekin antolatu dute beste urte batez, hain zuzen ere, Naziotasun Eguna.

Laudion antolatzearen arrazoien artean zera nabarmendu zuten: bertako Bai Euskal Herriari taldeak egindako lan txukunean eta herriko eragile askorekin elkarlanean arituta Euskal Herriaren etorkizuna egunero eraikitzen egindako lana. Saizek Naziotasun Egunaren aurreko edizioak ahotan hartu zituen. «Ibarran amona Mariak ekin zion EHNA tramitatzeko apustuari; Ondarroan Karmentxu izan genuen; Zestoan apustu berak bultza ikaragarria izan zuen zenbait urte sorterritik eta etxetik kanpo eman ostean hainbat herritar oholtzara igo zirenean eta beraien konpromisoa adierazi zigutenean; Euskal Herrian EHNArekin bizitzeko konpromisoa, hain zuzen», azaldu zuen.

Bestetik, Laudioko Bai Euskal Herriari ekimeneko kide Josu Zabalak euskal herritar guztiei bertaratzeko gonbita egin zien, eta Euskal Herriko hainbat eskualdeetatik autobusak antolatuko dituztela jakinarazi zuten.

Egitaraua

11.00 Diana txistulari eta trikitilarien eskutik.

11.00 Hasiera ekitaldia herriko plazan eta jarraian EHNAren tramitazioa eta haurren txokoa irekiko dira.

11.30 Dantza ikuskizuna.

11.30-13.30 Grafiti erakusketa.

11.30 Azoka plaza. Nekazari eta artisauen azoka ikusgai izango da goiz guztian.

13.00-13.30 Bertsolariak.

13.30-14.30 Ekitaldi nagusia.

14.30-15.00 Kantu-triki poteoa

14.30 Herri bazkaria. (Bazkariko txartelak Laudioko tabernetan edota naziotasuneguna@baieuskalherriari.org helbidera mezu bat bidalita eskuragarri).

16.30 Herria kantuz.

15.30 Muturreko herri kiroletan parte hartzeko ikuskizuna.

18.00-20.00 Karaokea haurrentzat Xurdinekin.

18.00-20.00 Ekitaldi kulturala.

20.00 Dantzaldi-erromeria Patxi eta Batbiru taldearen eskutik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo