GARA > Idatzia > Mendia

eskalada Espainiako Txapelketa

Irati Anda Euskal selekzioko kidea berriro garaile

Pasa den asteburuan Espainiako Eskalada Txapelketa jokatu zen Alacanten. Euskal selekzioak urrezko domina bat, zilarrezko beste bat eta hiru brontzezko eskuratu zituen. Dena den, nagusien mailan ez zuen batere agerraldi ona egin, gehiago espero baitzen.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Dagoeneko martxan da FEDMEren eskaladako egutegi ofiziala. Eta hasteko, motorrak ondo baino hobeto berotu zituzten; izan ere, Pilar de Horadadan (Alacant) nagusien zein jubenilen Espainiako Txapelketa jokatu zen pasa den asteburuan. Iaz bezala, Euskal Mendizale Federazioak atondutako euskal selekzioak bertan hartu zuen parte, eta, oro har, zuri-beltzeko emaitzak erdietsi zituen.

Larunbatean nagusien txanda izan zen. Neskei dagokienez, euskal selekzioak lortutako sari onena maila horretan eman zen. Bigarren urtez jarraian, Irati Andak txapela irabazi zuen. Lehiaketara oso sasoiko iritsi zen (egun batzuk lehenago bere bigarren 8b bidea sinatu zuen: Sugoi), eta bai sailkapenean bai finalean maila bikaina eman zuen. Nahiz eta Berta Martinek, lehiakide indartsuenetarikoak, ez zuen parte hartu, gasteiztarrak argi utzi zuen koska bat gainetik dagoela. Txapelketako lehenengo ezustekoa Andrea Cartasek eman zuen. Orain arte andaluziarra ez dugu lehenengo postuetan ikusi, baina oso ondo eskalatzen duela ikusi zen. Hori dela eta, hemendik aurrera kontuan hartu beharreko eskalatzailea dugu. Hirugarren postua, berriz, faborito batek, Daila Ojedak, sinatu zuen. Bigarren euskal ordezkariak, Itziar Rodriguezek, saio txukuna egin zuen, eta, azkenean, seigarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Nesketan bezala, mutiletan ere belaunaldi berri baten agerraldi indartsua ikusi zen. Eta hori esan badugu, maila horretan parte hartu zuten hiru jubenil finalera pasa zirelako da: Erik Lopez, Gerard Rull eta Pau March. Finalean oso helduleku txikiko bidea antolatu zuten, eta ia gehienak pauso berdinean erori ziren. Azkenean, Pablo Barberok erdietsi zuen urrea. Bigarren postuan Edu Marin geratu zen, eta hirugarrenean Lopez gaztea. Euskal selekziokideek ez zuten jardun ona izan. Lau ordezkari ziren txapelketa honetan, eta horietako inork ere ezin izan zuen finalera pasa. Oso gutxigatik izan bazen ere, Ekaitz Maiz final horretatik kanpo geratu zen; zortzi ziren finalistak eta etxauriarra bederatzigarren geratu zen. Gorka Karapeto ere saiatu zen onenen artean sartzen, baina hamaikagarrena izan zen. Beste bi ordezkariak, Gotzon Gardeazabal eta Jabi de la Fuente nahiko behean erori ziren, eta 24. postuan berdinduta bukatu zuten.

Lau domina jubeniletan

Larunbateko saioan ikusitakoa ikusita, lasai asko esan genezake euskal selekzioak, nagusien mailan, ez zuela agerraldi ona izan; eskerrak, bederen, Andak txapela irabazi zuela. Jubenilek, bestalde, ohorezko lau postu eskuratu zituzten. Oro har, pozik egon daitezke euskal selekzioko arduradunak, baina zer edo zer gehiago egin zezaketela ikusi zen.

Hamasei urtez azpikoen mailan, euskal ordezkari bakarra izan genuen: Olatz Azkarate. Bulderretik iritsitako eskalatzailea dugu, eta pasa den igandekoa zailtasuneko bere lehenbiziko proba ofiziala zen. Beste espezialitate batetik etortzeko, oso txukun jardun zuen, eta hirugarren postua lortu zuen. Nahiz eta proba hauetan bere aurkezpena izan, etorkizun polita duela antzematen da.

Hemezortzi urtez azpikoen mailan, berriz, hiru domina eskuratu ziren. Nesketan, beste behin, Josebe Zarautzek oso ondo eskalatu zuen. Irabazteko aukera handiak zituen, baina bigarren bukatu zuen. Haren atzetik, Maita Etxezarreta geratu zen. Etxezarreta gero eta hobeto dabil, eta podiumean behin baino gehiagotan ikusiko dugula erakutsi zuen. Mutiletan, Oier Iribarren indartsu lehiatu zen, eta meritu handiko hirugarren postua lortu zuen. Aritz Rodriguez laugarrena izan zen eta Aitor Galatas zazpigarrena.

Eta jubenilekin amaitzeko, 20 urtez azpikoen maila aipatu behar dugu. Maila honetan ere euskal ordezkari bakarra izan zen: Antton Zabala. Espainiako Txapelketa irabaztea eta bigarren geratzea zen den badaki, baina Alacanten huts handia egin zuen. Jakin bazekien oso lehiakide gogorrak zituela alboan; besteak beste, Pau March eta Gerard Rull. Nahiz eta haien mailan askotan lehiatu den, igandeko saioan ez zen batere fin ibili. Finalerdietan txukun aritu zen, baina finalean gaizki eskalatu eta oso behean erori zen. Finaleko azkena geratu zen, hamargarrena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo