GARA > Idatzia > Kultura

Oteiza Museoak «Sao Paulo 1957» aurkeztu du begirada historiko gisa

Jorge Oteizak Nazioarteko Eskultura Saria irabazi zuen Sao Pauloko IV. Bienalean, 1957an. Urte hartan, besteren artean, Giorgio Morandi eta Ben Nicholson artistekin partekatu zuen lehiaketako palmaresa. Topaketa hura egin zenetik 50 urte pasa ostean, Oteiza Museoak aztertu eta berreraiki egin du nazioartean ospe handienetakoa duen lehiaketaren edizio hura, han bildu eta lehiaketaren historian betiko arrastoa utzi zuten artisten ekarpenak egiaztatuz.

GARA | ALTZUZA

IV. bienal hark 43 herrialde izan zituen partaide eta 1.105 artisten 3.800 obra hartu zituen; artistetatik 172 brasildarrak ziren, eta 933 atzerritarrak. Hori hala, «Sao Paulo 1957» erakusketak kultur gertakari hura berrikustea planteatzen du orain, lehiaketa hartan saritutako artistetan jarriz, nagusiki, begirada, baina «ordezkaritza espainolak izan zuen partaidetza garrantzitsua bazterrean utzi gabe», Oteiza Museoko arduradunen esanetan.

Bienal hartan egondako obra esanguratsuak bildu dituzte, XX. mendearen bigarren erdialdean artearen garapenaren nondik norakoak ezarri zituzten joera estetikoak birsortzearren. Beraz, erakusketak denboran atzerako begirada bat proposatzen du, «abangoardia historikoen azken hondarrak eta XX. mendearen amaieran artearen espresio lengoaiak berrituko zituzten joera plastiko sortu berriak elkarrekin bizi izan ziren unea, alegia; aldaketa sakonak izan ziren-eta orduan».

65 pieza, bi ardatzen inguruan

Erakusketa 65 piezaz osatua dago, oinarrizko bi ardatzen inguruan, betiere. Lehenengoak aztertzen duena garai hartako arte nazional espainolaren testuingurua da, eta lehiaketa brasildarrean Estatua ordezkatu zuen pabiloia berreraiki dute horretarako. Izan ere, museotik gogorarazi bezala, Oteizarekin batera oso artista garrantzitsuak izan ziren han, hala nola, Antoni Tapies, Luis Feito, Manuel Rivera eta Manuel Millares (azken hirurak urte hartan sortu El Paso taldekoak ziren). Multzo horretan «joera abstraktuko» artistak zeuden, pabiloiko komisario Luis Gonzalez Roblesen esanetan.

Bigarren multzoa, aldiz, «joera espresionistako» artistei buruzkoa da, eta tartean daude Vento, Francisco Capuleto, Jose Planes eta Joseph Guinovart. Multzo horrek espresio figuratiboaren zordun ziren formetatik abiatzen ziren autoreak biltzen ditu. Erakusketan jasota dago, gainera, Toni Claveren figura, Sao Paulon Estatu frantseseko pabiloian egon zena. Artista bakoitzari dagokionez, Altzuzan Sao Paulon izandako obretatik bi ikus daitezke, edo garai bereko beste batzuk bestela, artista horiek une hartan zuten obraren adierazgarri, betiere.

Artista bakoitzak hamar obra aurkeztu zituen gehienetan, Oteizaren kasuan izan ezik, 28 eskultura eraman baitzituen Sao Paulora, hamar esperimentaletan bilduta; horien bidez lehiaketako Nazioarteko Eskultura saria jaso zuen.

Bada, ateak ireki berri dituen erakusketa horretan bere eskulturetatik 25 aurkezten dira, tartean «Espazio zabaltzea» pieza, Sao Paulon egon zenetik inoiz e-rakutsi gabea. Oteizak «Proposito Experimental 1956-57» izena jarri zion bere lanari, eta bertan espazio hutseko organismotzat planteatzen du estatuaren izaera estetikoa: «Eskatu zizkidaten hamar eskulturekin hemen topo egitea irudikatzen dut. Egiaz, eskultura bakarra da. Pentsamendu bakar bat estatua espazioaren desokupazio aktibotzat proiektatzeko, forma-unitate irekien bategitearen bidez», azaldu zuenez.

Bigarren erreferentziak Oteizaren obra testuinguruan kokatzen du IV. Bienalean saritutako besteenarekin. Hor dira Giorgio Morandi (Sari Nagusia izan zen, eta erakusketan 8 obra ditu), Ben Nicholson (Nazioarteko Pintura Saria), Frans Krajcberg (Pintore Nazional Onenaren Saria), Franz Weissman (Eskultore Nazional Onenaren Saria), Fayga Ostrower (Grabatzaile Nazional Onena), Wega Nery eta Gomes Pinto (ex aequo sariak Marrazkigile Nazional onenarentzat) eta Yozo Hamaguchi (Atzerriko Grabatzaile Onenaren Saria).

DOKUMENTAZIOA

Erakusketa Oteizak eta Pabilioi espainoleko artistek Sao Paulon izan presentziari buruzko dokumentazio idatzi eta argazki ugarirekin atondu dute. Oteizak jaso sariari buruz prentsan eta hainbait aldizkaritan agertutako informazioa ere badago.

Fitxa

Erakusketa: «Sao Paulo 1957 Oteiza, Morandi, Nicholson, Millares,Tapies, Clave, Capuleto, Feito, Guinovart, Planes, Rivera, Vento, Krajcberg, Weissmann, Hamaguchi, Ostrower, Nery eta Lemos, Arte Modernoaren Museoko IV. Bienalean».

Tokia: Oteiza Museoa (Altzuza)

Data: Irailaren 2a arte.

Argitalpenekin atondu dute «berrikuste» hau

Kultur ekitaldi berezi honi buruzko ikerkuntza eta berrikuste asmoa islatua dago, halaber, «Arte Modernoaren Museoko IV. Bienala. Sao Paulo, 1957. Brasil» lanaren argitalpen berrian. Bertan, Pedro Manterola, Maria Cristina Bandera, Juan Manuel Bonet, Alfonso de la Torre, Leonor Amarante eta Javier Manzanos egileek Oteizak Bienalean izandako presentziari lotutako hainbat alderdi aztertzen dituzte, une hartako arte espainolaren eta nazioartekoaren testuinguarekin, lehiaketaren beraren historiarekin edota lehiaketako Sari Nagusia jaso zuen Giorgio Morandiren parte-hartzearekin batera. Argitalpena euskaraz eta gaztelaniaz prestatu dute, 474 orrialdetan.

Material historikoak berrikustea «Escultura de Oteiza. Catalogo: IV Bienal de Sao Paulo, 1957 (Proposito experimental 1956-1957)» lanaren faksimile berrargitalpenarekin osatuko da. Hauxe izan zen Oteizak berak bienalean parte hartu behar zuela-eta argitaratu zuen katalogo pertsonala, dagoeneko katalogotik kanpo zegoena. Bertan aztertzen du bere proposamen estetikoa, funtzio eta forma, espazioa eta kolorea, natura eta artea, estetika eta metafisika bezalako gaiei lotuta.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo