GARA > Idatzia > Ekonomia

«Azken sei urte hauetan egindako lanak gorputza erabat suntsitu dit»

Rebeka CALVO

«Arazoa 2001ean hasi zen. Orduan soldatzaile moduan egiten nuen lan, eta egun batean mina sumatu nuen gerrialdean. Baja eman zidaten. Baina ondoren beste mediku batengana joan behar izan nuen, eta horrek, lau minutuan nirekin egon eta gero, ez nuela ezer esan zidan. Familiako medikuak horri kasu egin zion eta alta eman zidan. Hain zuzen ere, nire lan hitzarmenaren amaierarekin bat egin zuen», azaldu du Martintxo Marinek. Langilea atzo eguerdian Osasun Departamentuaren parean kateatu zen orain dela sei urte hasi zuen «kalbarioa» amaitzeko.

Izan ere, mina izaten jarraitzen zuenez, erietxe pribatu batera joan zen. «Bertan eskanerra egin eta gero, txostenak nire egoera ikusita errehabilitazioa egin behar nuela adierazi zuen», esan du Marinek. «Inork ez dit kasurik egin, ordea», adierazi du. Ebakuntza azkenean 2004an egin zioten langileari. «Ezer ez nuela esan arren, sei torlojutik gora jarri behar izan zizkidaten gerrialdean», agertu du.

Horren guztiaren ondoren Marini ezintasun totala eman zioten, eta Ezkaba mendian egon zen lanean zaintzaile moduan. «Nahiz eta osasunez nengoen bezala egon, Ezkaban zero azpitik zortzi gradura egon behar izaten nuen, ordu askoz... Nire osasuna okertzen joan da etengabe», azaldu du. Otsailaren 28an bukatu zitzaion langileari hitzarmena zaintzaile moduan, eta egoera aldatu egin da berriz ere. «Erabateko ezintasuna eman didate orain, gaixotasun arrunta dela-eta. 832 euroko pentsioa geratu zait. Baina nik gaixotasun profesionala onartzea nahi dut, azken urteetan egin dudan lanak erabat kaltetu baitu nire osasuna», esan du. Horrek guztiak, gainera, bere buru-osasuna ere kaltetu du, eta zazpi aldiz egon da depresioak jota hainbat zentrotan.

Osasun Departamentuari orain bi eskakizun egiten dizkio Marinek: «Kalte-ordaina pagatzeko, bere erruarengatik azken zazpi urteak oso gogorrak izan direlako, eta gaixotasun profesionala onartzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo