GARA > Idatzia > Kultura

Bertsolari gazte hoberenak Bertsolari Ttiki Egunaren kariaz, Biarritzen ekainaren 1ean

Kanporaketak igaro ondoren, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikastolen arteko bertsolari txapelketako finala Biarritzen izango da. Gazteen mailan, berriz, finalak ekainaren 16an Kanbon eginen dituzte.

GARA | BIARRITZ

Iaz geroztik, Biarritzen iragaten den Bertsolari Ttiki Egunaren aurtengo edizioa ekainaren 1an, ostiralarekin izango da herriko Euskal Jai aretoan. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako Ikastoletako haur guztiak elkartzen dituen txapelketa jadanik hasi da maiatzean izandako kanporaketekin. Bertan, Sohüta, Garazi, Kanbo, Uztaritze, Hendaia edo Lekuineko ikastoletako hamar eta hamalau urte arteko haurrak parte hartu dute taldeka. Orotara, hogei eta hamasei haur eta gaztek parte hartu dute ekitaldi horietan.

Eta, horietatik lau talde izango dira ondoko ekainaren 1eko Biarrizko Euskal Jai aretoko ekitaldian. Lau taldeak laguntzeko eta animatzeko, ohi den bezala, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hamasei ikastoletako bostehun bat haur elkarturko dira bertan. Izan ere, aurreko urteetan Aiherran iragaten zen txapelketa horrek, gero eta ikastola gehiagok ekimenean parte hartzen zuela-eta, Biarritzera eramatea erabaki zuten iaz geroztik. Aurten ere, beraz, Bertsolari Ttiki arrakastatsua izango da.

Eguna hamarrak eta erdietan hasiko da haurren finalarekin, eta ikastoletako bertsopaper lehiaketako irabazleen sariztatzeak jarrituko dio. Arratsaldean, berriz, bertsu Xiba jokoak izango dira.

Gazteen txapelketa

Bertsolari Ttiki egunarekin batera, ondoko ekainaren 16an, arratsaldeko zazpietan, izango den 14 eta 18 urte arteko gazteen finala goraipatu zuen Bertsularien lagunak elkarteak.

Orotara, hamahiru gaztek bakarka parte hartzen dute eta Senperen ekainaren 2an eta Izuran ekainaren 9an izango diren bi kanporaketen irabazleak elkartuko dira Kanboko AIEC aretoan eginen den finalean.

Sei bertsolari sailkatuko dira finalerako, eta, horietarik irabazleak Euskal Herriko zazpi herrialdeetako finaletan izango dira. Luku anaiak, Maddalen Arzallus, Txomin Elosegi edo Ximun Cazaubon bertsolariak lehiatuko dira aurtengo bertsolari gazteen txapelgoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo