GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herritarrek aurpegia eta artistek obrak, Milakabilakaren alde

Ezin zuen beste modu batean izan. Hilabeteak dira Milakabilaka abian jarri zenetik eta denbora horretan milaka euskaldunek aurpegia eman dute, Euskal Herriarekiko errespetuan oinarritutako konponbidearen alde. 40 artista ezagunek eman diote orain bostekoa ekimenari, aurpegiak beharrean, zeinu dituzten obrak eskainita. Lanak ekainetik aurrera izango dira ikusgai eta erosgai Interneten.

M. EIZMENDI- M. IANTZI |

Ekainetik aurrera www.milakabilaka.org web orriaren barnean osatuko den Milakabilaka-arte blogean izango dira erakusgai 40 artista euskaldunen lanen irudiak, baita salneurriak ere, erosi ahal izateko. Bertatik eratorritako dirua ekimena laguntzeko baliatuko da, aurrera begirako urratsak indartzeko, alegia.

Proiektuaren arduradunek nabarmendu dutenez, artista ezagunak dira asko. Kasurik gehientsuenetan Euskal Herriko museo garrantzitsuenetan dituzte lanak artistok, baita Europako beste herrialde batzuetan edota Hegoamerika, Japonia eta Ameriketako Estatu Batuetako museo eta galerietan ere.

Eskuzabal jokatu duten artisten artean dago, esaterako, Koldobika Jauregi, batean eta bestean, Alemanian eta Japonian esaterako, obra ikusgai jarri duelako ezagun egin den artista. «Milakabilakaren berri emateko deitu zidatenean, oso polita eta beharrezkoa iruditu zitzaidan -azaldu digu artistak-. Ilusio handiz hartu nuen, gauzak egin nahi dituztelako eta kolore askotako jendea dagoelako, baina uste dut ez duela horrelako mugimendu batek behar duen laguntza soziala izan. Herri honetan 200.000 pertsona hamar gauzatan aldi berean dabiltzala iruditzen zait: euskararen alde, presoak babesten edo AHT gaitzesten. Nik parte hartzen dut, baina kritikoa naiz».

Jauregiren iritziz, gaurko egoera politikoa txarra da, ez da aurrerapausorik eman. «Kontu ugari ateratzen da eta, askotan, kontatzen den gehiena ez da egia ere. Nahiko erabilia sentitzen naiz», aitortu du. Fernando Roscubas ere ez da oso baikorra: «Luzera agian bai, baina epe laburrera ez dut ezer ikusten», esan digu lanak Bilboko Arte Ederren Museoan, Artiumen, New Yorken, San Frantziskon eta Chicagon erakutsi dituen artistak. Hauteskundeei dagokienez, arraroa iruditzen zaio zerrenda batzuk debekatzea eta besteak ez, susmagarria deritzo. «Ideologiak, adierazpen askatasuna, askatasuna bera... Horien guztien aurkako erasoak azpijoko politiko beraren parte direla uste dut. Alderdi politikoak dira gehien egin dezaketenak eta egiten uzten ez dien Damoklesen ezpata dute gainean. Hortaz, norbanakoek herri ekimenak babestu behar dituzte eragingarriak izan daitezen», azaldu du.

Elkarri begira eseri

Alex Carrascosak artea darabil «parte-hartzeko eta zuzeneko demokrazia berreskuratzeko». Artemugarriak eta Gernika Gogoratuz ekimenetan ari da buru-belarri eta lan kolektiboak egiten ditu. «Artearen bitartez, taldearen eta banakoaren indarra, sendotasuna eta subiranotasuna finkatzen lagundu nahi dugu. Adibidez, denon artean biribil bat egin eta elkarri begira esertzen gara, ikuspuntu guztiak erdian elkartuz», kontatu du. Bat dator Carrascosa Milakabilakak aldarrikatzen duen errespetu hirukoitzarekin: «goitik luzaroko gatazkarik edo konponbide mastekaturik inposa ez diezaguten, errespeta gaitzatela eragin behar baitugu».

Javier Herrerok ere artistak Euskal Herrian gertatzen ari denaz jabetu eta ekimenetan inplikatu behar direla dio, eurek ere gizartearen parte direlako. «Nahiko baikorra naiz, baina egunak izaten dira. Batzuetan, aurrerapauso bat eman eta bi egiten dira atzera. Orain ez gaude une onenetan eta hauteskundeak pasatu arte itxaron beharko da gauza askori berri heltzeko. Gehien inplikatu behar direnek, alderdi politiko handiek, ez dute gogo handirik, botoei ematen dietelako garrantzi handiagoa», hausnartu du.

Oztopoak oztopo, Alfredo Alvarez Plagaroren arabera, denen artean hitz egin eta akordioa lortu behar da; zenbat eta lehenago, hobeto. Bere iritzirako «bonbak jarri eta tiroka aritzeko garaia pasatu da orain dela denbora dezente, eta elkarrizketarako aukerak ireki behar dira, bi aldeek jarri behar dute zerbait. Ezinezkoa da posible ez izatea».

Elena Asinsek, iaz Arte Ederren urrezko domina eskuratu zuenak, garrantzitsuena bake prozesua izatea eta lasai bizitzea, eta pertsona bakoitzaren eskubideak errespetatzea dela uste du. Erreferenduma egin beharko litzatekeela uste du, jendeak komenigarriena iruditzen zaiona aukera dezan. Bere aldetik dio Nafarroako Gobernua aldatzea gustatuko litzaiokeela, «osasunean eta beste arlo batzuetan bidegabekeriak jasaten ari naizelako; 67 urte ditut eta nahiko gaizki portatzen ari dira nirekin. Bizitzeko eta lan egiteko beste eremu bat nahiko nuke, gizatasun handiagokoa».

Agintean dauden politikariei behar den neurriko ardura eskatzen die Milakabilakak. Horrela ikusten du, behintzat, Mikel Lertxundik. Artistaren aburuz, bakoitzak daukan arduraren neurriko konpromisoa hartzea ezinbestekoa da, gatazkaren konponbidea etorriko bada. Horregatik hartzen du parte eta segituko du harik eta lortu arte.

Oraingoz berrogei dira Milaka-arte ekimenarekin bat egin duten lagunak, baina zerrenda osatzeko asmoa dute.

Zerrenda irekia

Milakabilakako kideek aditzera eman dutenez, berrogei artiston lana erakusgai jartzearekin batera zerrenda biribiltzen saiatuko dira, egitasmoa ahalik eta lagun gehienek sostenga dezaten.

-Alfredo Alvarez Plagaro -Javier Arozena

-Iñaki Arzoz

-Elena Asins

-Juan Luis Baroja Collet

-Nestor Basterretxea

-Fernando Biderbost

-Txema Burgos

-Carmelo Camacho

-Luis Candaudap

-Alex Carrascosa

-Iñaki De la Fuente

-Bingen De Pedro

-Iñaki Epelde

-Iñaki Garcia Erguin

-Juan Gorriti

-Jabier Herrero

-Santos Iñurrieta

-Koldobika Jauregi

-Inma Jimenez

-Erramun Landa

-Joaquin Lara

-Vicente Larrea

-Jesus Mari Lazkano

-Mikel Lertxundi

-Edu Lopez

-Jesus Melendez

-Juan Mieg

-Fernando Mirantes

-Jose Ramon Morquillas -Xabier Morras

-Iñaki Olazabal

-Fito Ramirez Escudero

-Ana Isabel Roman

-Fernando Roscubas

-Vicente Roscubas

-Txupi Sanz

-Daniel Tamayo

-Alejandro Tapia

-Jose Luis Zumeta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo