GARA > Idatzia > Gutunak

mari jose zabalegi zubizarreta Astigarragako Arantzazuko Ama Ikastolako Guraso Elkartearen lehendakariordea

Lekurik eza

Astigarragako Arantzazuko Ama Ikastolan, 2006-2007ko ikasturtean, «beteta» dioen txartela jartzeko egoerara iritsi gara. Ez da gela bakar bat ere geratu hutsik. Heziketa fisikoko eskolak, musikako eskolak eta ikastorduz kanpoko jarduera askotarikoak Ikastolatik kanpora egin behar izaten dira. Ganbara, sarbide zaila du, informatika gela bezala erabiltzen da, jangela kiroldegian dago eta liburutegiari buruz hobe da ez hitz egitea.

Ez dago lekurik, eta horrek arazoak sortzen ditu etengabe. Ikastolako Guraso Elkarteak behin eta berriz jarri ditu jakinaren gainean gai honetan eskumena duten erakundeak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Saila alde batetik, eta Astigarragako Udala bestetik. Agerian geratu den bezala, arduradun horiek arazo honi irtenbidea aurkitzeko Ikastolatik kanpora eraman dituzte irakaskuntza jarduerak eta bestelako zerbitzuak. Baina azkenean, jasaterik ez dagoen egoerara iritsi gara, eta 2007-2008ko ikasturterako daukagun aurreikuspena ez da batere erakargarria: jolastokian edo aparkalekuan barrakoiak jartzea, beste bederatzi gela egiteko eraberritze lanak egiten diren bitartean; gaur oraindik ez dakigu noiz hasiko diren lanean, ezta lanak noiz bukatuko dituzten ere.

Otsailaren 19ko 1/1993 Legeak, Euskal Eskola Publikoari buruzkoak 4.-) artikuluan zehazten duenez, euskal eskola publikoak bere helburuak lortzeko ikastetxearen heziketa proiekturako egokiak diren instalazioak eta ekipamenduak edukiko ditu, eta 8.-) artikuluan jasotzen duenez euskal administrazio publikoak etengabe zainduko du euskal eskola publikoaren irakaskuntza kalitatea.

Egoera hau salatu nahi dugu, eta legea bete dezatela eskatzen dugu, horretarako behar diren konpromisoak berehala hartuta eta irtenbideak lehenbailehen aurkituta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo