GARA > Idatzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

Tristura eta esperantza

Ez naiz konformatzen alderdiek plazaratu duten mezu ezkorrarekin eta derrotistarekin. Etsipena ez da mezua. Mezua da esperantza egon badagoela, eta guri dagokigu alderdiak presionatzea diskurtsoa alda dezaten. Partida hau ez da amaitu

Tristura, noski. Tristura su-etenari amaiera eman zaiolako. Baina tristura, batez ere, norbait konturatu delako beste irtenbiderik utzi ez diotela, hitzaren indar hutsarekin ez zela nahikoa, elkarrizketarako aldarrikapenari muzin egin diotela, eta hitz nahiari isiltasuna nagusitu zaiola. Hitz egin nahi eta ezin. Mahaian eseri nahi eta kiderik ez beste aldean.

Ez zait gustatzen su-etena amaitzea. Inori ez zaio gustatzen, ezta su-etena iragarri dutenei ere. Ziur naiz horretaz. Sua erabiliko dela esatea porrotaren seinalea da. Porrot egin du prozesuak. Noizbait izan bazen ere, orain ez da. Tristura beraz. Hori da lehen sentimendua.

Baina amorrua ere sentitu izan dut politikarien hitzak entzutean. Nola esan daiteke, ahozgoran, mikrofonoaren aurrean eta lotsatu gabe, politika kalean egitearen ordez institutzioetan egin behar dela? Nola kritika dakioke «joku politikoan» parte ez hartzea, parte hartzeko aukerarik eman ez zaionari? Nola izan daitezke hain hipokritak? Nola ez zaie mingaina ahotik jausten esaten dutenean eremu politikoan jardun behar dela, giltzarrapoz itxi dutenean? Zer egin dute bide politikoan ibili ahal izateko? Nola hartu zuten estatutu berriaren proposamena Madrilen? Aukerarik eman zitzaion bide politikoa egin zezan? Non daude ia 200.000 pertsonaren botoak? Zein zakarrontzitara bota dituzte? Zein labetan erre dituzte? Nonbait gorde dute hainbat pertsonaren adierazpen politikoa, edo ez dute gorde inon? Aintzat hartu du sistema politikoak berea ez den beste iritzi politikorik?

Tristezia eta amorrua. Eta gero, itxaropena. Arreta bereganatzeko aldarria izan da. ETAk esan du orain arteko bidetik ez goazela inora eta norabidea aldatu behar dela. Ez dut pentsatu nahi bere esperantza guz- tia bortizkerian jarri duenik. Pentsatu nahi dut oraindik sinesten duela askotan esandakoan: hitz egin nahi duela, elkarrizketarako prest dagoela eta irtenbide bakarra negoziazioa dela. Hori da orain ere ematen ari den mezua: bazterketa ez da onargarria, beraz, edo guztion iritzia hartuko da aintzat, edo inorena ez. Hitza ez badago guztientzat, orduan hitzaren ordez, armak mintzatuko dira, nahiz eta gustatu ez. Hori dio ETAk.

Sarritan entzun diogu elkarrizketarako diskurtsuoa ordea, eta horri eutsi beharra dugu beste behin. Mahaia berriz eraiki eta inguruan iritzi beste aulki ipini.

Bestalde, ez naiz konformatzen alderdiek plazaratu duten mezu ezkorrarekin eta derrotistarekin. Etsipena ez da mezua. Mezua da esperantza egon badagoela, eta guri, politiriak ez garenoi, alderdiak presionatzea dagokigu diskurtsoa alda dezaten. Ez dugu onartuko esatea dena finituta dagoela. Partida hau ez da amaitu. Oraindik ez dugu ebatzi herri honetan bizi dugun auzia. Ez da bukatu gatazka. Ez dago ezer erabakirik. Diskurtsoa da neurri zuzentzailea ezarri behar zaiola orain arteko bide zoroari. Gauzak zuzendu, hitzari eutsi eta aurrera ekin. Ez dago besterik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo