GARA > Idatzia > Musika

Aritz Sound System

Afro-beat erritmoen bilduma

Fela Kutiren semea bezala aurkeztu izan zaigu beti eta bada ordua aurkezpen txartela alda dezagun. Egia da Femi Kutik aitaren pausoak jarraitu dituela, musikaria da eta aitak nazioartean ezagutzera eman zuen afro-beat musika egiten du (funk afrikarra). Aitaren bidea jarraitu du, baina bide horri norabide berriak zabaldu dizkio. Afrika beltzaren indarra islatu du; erritmoaren eta garrasi musikatuaren eredu da, duintasunaren aldarrikapena diren mezuekin batera (kantuen hitzak ulertzeko ahalegina egin beharko genuke, merezi du eta).

Disko bilduma bikoitz honetan, orain arteko ibilbideari errepaso egin zaio; oro har, Femi Kuti eta bere taldearen kantu eder eta ezagunak bildu dira lehenengo diskoan -baita lehenengo urteetan kaleratutako kantu ezezagunak, eta gure artean, orain arte, argitaratu gabeak-. Bigarren diskoan, berriz, Femi Kutiren hainbat kanturen nahasketa desberdinak entzuteko aukera dugu; afro-beat eta erritmo elektronikoen arteko harreman estuaren adibide direnak (besteak beste, Kerri Chandler, Faze Action, Da Lata edo Joe Claussel bezalako disko jartzaile eta ekoizleek egindako nahasketa elektronikoak).

Orain arte Femi Kuti musikari nigeriarraren doinuak ezagutu ez dituenarentzat bilduma aproposa izan daiteke, baina ez dugu oso ondo ulertzen horren gaztea izanda dagoeneko horrelako izen itsusia eta batere erakargarria ez duen bilduma kaleratu izana. Ez dadila «behin-betikoa» izan, mesedez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo