GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Euskara debekatu eta gure etsai egin nahi dute hala gure izaera aldatzeko»

Euskal preso politikoen aldeko ekimena egiten ari dira hilabete honetan Iruñean. «Ilunpetik, konpromisoz eskubide guztien jabe izatera» jardueren barnean kartze- leetan hizkuntza eskubideak zertan diren azaltzeko mintzaldia egin zen ortzegunean AEK, IKA, EHE eta Sortzen Ikasbatuaz-ek antolatuta. Patxi Iñigok azterketak egitearen bizipena kontatu zuen. Oskar de Miguel preso ohiak, berriz, euskaraz mintzatzearen ondorioak.

Jasone MITXELTORENA

Patxi Iñigo Iruñeko Hizkuntz Eskolako irakaslea da, eta eurek omen dira kartzeletara euskara-azterketak egitera joaten diren bakarrak. Horrekin harrituta galdezka joaten omen zaizkio, eta berak dioenez, «ez dauka zentzurik. Ama bati semea zergatik maite duen galdetzea bezala da». Nondik begiratzen zaion, horren araberakoa omen da bere lanaren zailtasuna. Funtzionarioekin jasan beharreko harremanetarako «pazientzia karroka» eraman behar izaten duela azaldu zuen, baina «esperoan dagoenaren poza ikusita» eurak ere gustura joaten direla azaldu zuen. «Nolako harrera egiten diguten! Kafea prestatzen digute... nola ez gara joanen berriz?», erran zuen umoretsu. Halere, zain dagoenaren egoera ez dela samurra ikusten du. Iritsi aintzineko orduak urduritasunez betetakoak omen dira presoarentzat, eta behin azterketa egiterakoan, kezka eta pena izaten dutela: «Zuek honaino etorri eta ni ez banaiz gai gainditzeko?». Patxi Iñigok berriz joanen direla ziurtatu eta lasaitu egiten ditu.

Izaten dituzten trabei buruzkoak dira irakasle honen kontakizunak: «Azterketan funtzionarioa aurrean izaten da, eta so- lasean ari garela, inpaziente jartzen da. Orduan ahozko azterketa egitera pasatzen gara sola- sean segitzeko». Izan ere, trabak aunitz diren arren, beti buelta hartzen diotela kontatu zuen irakasleak.

Oskar de Miguelek kartzelan bizitakoaren berri eman zuen: «Zure nortasuna haustea helburu dutela ikusten da. Gogoan duzuna kalea da. Beraiek badakitenez, hori mozten saiatzen dira. Sartu orduko baldintzak adierazten dizkizute: bisitak egun txarretan izanen direla, euskarazko eskutitzak iristea zailago izanen dela... Barrenean dugun zerbait delako, euskara gure etsai bihurtzen saiatzen dira. Batzuetan euskarari muzin egin behar izaten zaio praktikotasuna dela-eta, baina zu zeu izan nahi baduzu, zailtasunak atxiki behar dituzu».

Egoera hori 1989a baino lehenago pentsaezina zela azaldu zuen. Eskutitzak berandutzea arrunta omen zen (zenbait kasutan bi urte), baina mintzatzearen debekua berria omen da. «Bisita bukaeran zigortua izaten da presoa, edo aunitzetan moztu egiten dute. Orduan, bisitan etorri denaren zailtasun eta gastuak kontuan hartuta, gazteleraz egiten duzu». Politika hori dela-eta egoera hagitz arraroak eman direla kontatu zuen De Miguelek. Etxarri-Aranatzeko familia baten kasua adibide: «Kartzelara semearen bisitan joateko adinekoak zirela-eta ur- tean bitan mugitzen ziren gurasoak. Biek gazteleraz gutti zekitenez, bisitaren 40 minutuetatik 20 hitzak aukeratzen ematen zuten. Horrelako franko ematen da», erantsi zuen.

Bertze motako erabilera ere ematen omen diote funtzionarioek euskararen mintzatze kontrolari. Aitzakia horrekin bisitetan kabinara sartzen omen dira, eta horrela ezin dela deus kontatu salatu zuen De Miguelek. «Ateratzean ulertzen duzu guzti horren logika: zure nortasuna aldatzea bilatzen dute». Traba guzti horien gainetik preso politikoek euskara ikasi eta erabiltzeko erakutsi duten gogoa azaldu zuen De Miguelek: «Kalean bezala ukatuta dago, baina horrez harago, eraso tresna da. Euskara sinbolikoki garrantzitsua da».

«Ez da urraketa isolatua»

Bi hizlarien bizipenak aditu ondotik, Etxerat-eko Hilargi Jaunarenak egoeraren ikuspegi orokorra eman nahi izan zuen. Hiz- kuntzan ematen den eskubide urraketa ez dela isolatua gogorarazi zuen, eta ez direla kasualitatez gertatzen, «helburu zehatzekin egiten baizik». Euskal Preso Politikoen Kolektiboak duen «erreferentzialtasuna» deuseztea bilatzen omen da, «fisikoki eta politikoki suntsituta».

Gaixorik daudenak eta zigorraren 3/4ak bete dituztenak kaleratzeko aldarrikapena edo amatasuna normal bizitzeko eta norberaren hizkuntza erabiltzeko eskaerak ez direla «kapritxo edo pribilejioak, eskubideak baizik» eta ezin direla «inolaz ere» urratu adierazi zuen Jaunarenak. «Berdin du su-etena edo egundoko gerra dagoen, ezin dira onartu urraketak, ez eta presoak Euskal Herriari eragiteko erabiltzea. Guztioi eragiten digun arazoa denez, erantzukizuna guztiona da». Bakoitzak bere ekarpena egitera animatu zuen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo