GARA > Idatzia > Euskal Herria

Batzar Nagusiek herri nahia errespeta dezaten lanean dira EAE-ANVko batzarkideak

Alderdi ekintzaileko batzarkideak makina bat ekimen egiten ari dira egunotan osatzear diren erakundeak herri borondatea babes dezaten. Atzo adibidez, idatziak aurkeztu eta EArekin izan zuten hitzordua.

GARA |

Hego Euskal Herriko udalen osaketek sortutako zalaparten ostean, Nafarroako Parlamentuaren eta Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Batzar Nagusien eraketek haizeak harrotzen ari dira.

EAE-ANVko hautetsiek osatzear diren herri erakunde horiek ere «herritarren borondatearen arabera» eratzeko makina bat ekimen gauzatzen ari dira egunotan. Atzo, adibidez, Bizkaiko batzarkide Arantxa Urkaregik eta Andoni Arriolak bertako Batzar Nagusietako idazkaritzan herri borondatea bermatzeko beharrezkoak diren neurriak galdegiten zituen idatziak aurkeztu zituzten. Era berean, EAJri eta PSEri ere, alderdi ekintzailearenak diren lau karguak ez hartzeko idatziz eskatuko diotela eman zuten jakitera.

Arabako hautetsi Aitor Bezares eta Beñat Mendiguren, aldiz, EAko hainbat ordezkarirekin bildu eta «borondate politikoz» jokatzeko gonbita egin zioten alderdi abertzaleari.

Hautetsi ekintzaileen aburuz, Begoña Errazti buru duen alderdia oraindik ere «bidegabekeri baten parte ez izateko beta» du; eta, hortaz, bertako hautagai Lauren Uriari «zilegiki ez dagokion kargua» ez hartzeko eskatu diote hautetsi independentistek.

Arabako Biltzar Nagusien osaketa gaur izango da eta EAE-ANVk jakinarazi duenez, herri borondatearen arabera hautatutako bost batzarkideak egongo dira bertan.

Lakuako Gobernuko bozeramaile Miren Azkaratek hitz gogorrak izan zituen atzokoan EAE-ANVren aurka. Haren aburuz, bertako hautetsiak dira udalen osaketan «normaltasuna hautsi» dutenak. Gainera, zinegotziak eskuratu dituzten herrietan «kexarik ez eta hala izan ez den lekuetan hauteskundeen aurka aritzea» gogor gaitzetsi zuen Azkaratek.

Zumaian edota Azpeitian gertatutakoaz itaunduta ordea, EAk, EAJk eta EBk osatzen duten hirukoaren «osasunari ez zaiola deus gertatzen» nabarmendu nahi izan zuen Azkaratek.

PSEko antolakuntza idazkari Rodolfo Aresek alderdi ekintzaileak gauzatzen dituen «presioei amore ez emateko» galdegin zien alderdiei. Era berean, jardunbide «mafioso» edota «totalitariotzat» jo zituen EAE-ANVren ekinbideak eta euskal gizarteari alderdi ekintzailearen kontrako «mespretxua erakusteko» eskatu zion.

llamazares

IUko koordinatzaile orokorrak gogor gaitzetsi zituen hainbat herritan herri borondatea onartzeko hartutako neurriak; haren aburuz, «lege batekin bat ez egitea ez baitakar epai horri men ez egitea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo