GARA > Idatzia > Arrauna

ARRAUNA Kantauriko Arraun Elkartearen aurkezpena

Ekainaren 30ean hasiko dute liga ia 500 arraunlarik

Gipuzkoako, Bizkaiko eta Cantabriako 22 traineruk hartuko dute parte bi multzotan banatuta

Asier AIESTARAN | BARAKALDO

Gipuzkoako, Bizkaiko eta Cantabriako 503 arraunlarik ekainaren 30ean ekingo diete Kantauriko Arraun Elkartearen (KAE) ligari. Lehen multzoan 12 traineruk izango dira eta bigarren multzoan, berriz, beste 10 arituko dira. Lehiaketak bigarren urtea izango du aurtengoa eta helburua hazten joatea izango da.

Lehen multzoan Donostia Arraun, Camargo, Getaria, Hondarribia, Isuntza, Santurtzi, Kaiku, Ondarroa, Pasai Donibane, Pontejos, Ur Kirolak eta Zierbena neurtuko dira. Berrikuntza nagusiak Pasai Donibane -iaz TKE Ligatik jaitsi zen-, Kaiku -Bigarren multzoan igoera lortu zuen- eta Ur Kirolak izango dira. Azken horrek taldea osatu ezinik ibili den Ciudad de Santanderren lekua hartu du.

Bigarren multzoan, bestetik, Arkote, Busturialdea (Elantxobe), Castro, Colindres, Deusto, Getxo (algortarekin batu da), Hernani, Hibaika, Portugalete eta Raspas lehiatuko dira. Iazko denboraldiarekin alderatuta Urola Kosta, Lutxana eta Ur Joko dira trainerurik ateratzen ez duten taldeak.

Lehen multzoko 12 taldeek Errioxako El Rasillo lakuan hasiko dute liga eta bigarren multzoko 10ek, berriz, Hernanik Orion antolatuko duen erlojuaren aurkako estropadan. Biak ekainaren 30ean jokatuko dituzted. Lehen multzoan 14 estropada puntuagarri izango dituzte, 3 erlojuaren aurka, eta abuztuaren 15ean Bizkaiko herriren batean jokatuko duten proba bakarrik falta da erabakitzeko lekuari dagokionez. Bigarren multzoan 12 estropada izango dituzte, 3 erlojuaren kontra.

Multzo arteko igoera estropadak irailaren 1ean eta 8an jokatuko dituzte Erandion, ibaian, eta zehazteke dago ea Cantabriako herriren batean, itsasoan, egingo duten. Lehen multzoko bi traineru onenek, bestalde, Galiziako bi onenekin jokatuko duten aurrekanporaketa irailaren 15ean eta 16an iritsiko da. Eta, azkenik, horretatik irtetzen diren biek TKE ligako bi azken sailkatuekin irailaren 22an eta 23an neurtuko dituzte indarrak Bilbon eta Portugaleten.

Aurkezpen ekitaldia Barakaldon egin zuten eta Jon Urrutia KAEko presidente berria ere bertan izan zen, talde ia guztietako ordezkariekin batera. Berrikuntzen artean, KAEk lehiaketa bakoitzean izango duen ordezkaria aipatu zuten, balizen arteko distantziak neurtzeko, sakontasuna neurtzeko, erabakiak hartzeko... Betiere, epaileen lana oztopatu gabe.

Bitxikeria moduan, arraunlari guztien ehuneko bosta jubenilek osatzen dute eta Kaikuk Jose Luis Korta sartu du patroi eta arraunlari moduan. Gainera, trainerua atera ezin izan duten elkarteek estropaden antolakuntza ziurtatu dute.

Andoain

Leioa (21.30)

Galarreta (16.00)

Deportivo (17.00)

Andoain (22.00)

Urrestila (22.15)

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo