GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jai-gosea asetzeko modua izango da gaurdanik Eibarren

Maider EIZMENDI |

Egun gogorrak datozkie eibartarrei. Horixe da gau alaiak izatearen ordaina. Gaurdanik Euskal Herriko beste hainbat herri eta auzoetan bezalaxe San Joan jaiak ospatuko dituzte Debabarrenako herri honetan. Hala ere, bateren bat jada ajeak jota izango da jaietako programazioa aurreratu eta atzo bertan Eibarrren jai giro faltarik ez baitzen. Itxaron ezinda nonbait.

Gaur, eguerdiko 13.30ean suziriak jaien hasiera iragarri bezain laster hartuko dute jaien protagonismoa herriko koadrilek, bai azkar hartu ere, suziriak eztanda egitean herriko tabernari eta Gaste Elkartearen eskutik etorriko baita «txanpanada» oparoa, jaiei behar bezalako hasiera emateko.

Koadrilek egun garrantzitsua izango dute gaurkoa, jai giroan eta lagunartean sanjoanen hasiera ospatzeko primerako egitaraua prestatua baita. Suziriaren ostean, indarrak hartzeko lagunarteko bazkari oparoa egingo dute, ondoren guztiak batu eta kaleetan zehar gora eta behera ibiliko dira fanfarrea lagun, zezen plazara iritsi bitartean. Ezin gehiegi jan edo edan, ordea, eguerdi partean, zezen plazan batuta koadrila bakoitzak bere gaitasunak erakutsi beharko baititu jokoetan.

San Joan sua

Eguneko beste hitzordu garrantziatsua, nola ez, sua izango da. Euskal Herriko herririk eta auzorik gehientsuenetan ilunabarra iristearekin bat sua piztuko da, Eibarko Untzaga plazan 23.30ean izango da okasioa horretarako, bai eta herriko dantza garaikideko taldeak prestatu duen emanaldiaz gozatzeko ere.

Goizaldera arteko jaia izango da ondoren nahi edo ahal duen guztiarentzat, beraz, jaiak amorruz espero dituzten horiek, asealdi txikia hartzeko aukera izango dute lehen egun honetan. Gainerakoan, jaiak luzeak dira, ez larritu.

Bihar San Joan eguna izaki, makina bat ekimen eta ekitaldi dago antolatuta, goizean goizetik izango da gainera, batean eta bestean zer ikusia. Zortzietan, esaterako, zezen plazan entzierroa eta enbolatuak izango dira. Garbi dago, ordea, eibartarrek ez dutela jai hauetan jan gabe geratzeko inolako asmorik eta hori nabari da jai programan. Bihar eguerdi partean, 11.00etatik aurrera, Urkizun, txahalaren pintxo-salmenta izango da, baita umeentzako tailerrak ere.

Hain justu, herriko gaztetxoenak izango dira, bihar arratsaldean, jaien lekukoa hartuko dutenak. 17.30ean Umeen Danborradaren irteera izango da eta herrian egingo duten ibilalaldian Oria eta Ustekabe fanfarren doinuek danbor soinuak lagunduko dituzte. 19.00etan berriz, Untzaga plazan gazteek euren pregoia irakurriko dute. Danborradako Danbor Nagusiari egokituko zaio erantzukizun hori.

Urdaila gozatzeari lotuta dator ere, asteleheneko ekitaldietako bat. Izan ere, hamalaugarrenez ospatuko da San Joan Marmitako Leihaketa. Gehienez ere 30 taldek parte hartuko dute jaia eta gastronomia uztartuko dituen ekimenean.

Lehiaketako arauek ondo jasotzen dutenez, izena emandako bikote bakoitzak sei lagunentzako marmitakoa prestatu beharko du eta horretarako bi kilo patata, kilo eta erdi hegaluze, tomate naturala, piper txorizeroa, piper berdeak, tipula, berakatza, olioa, gatz fina... erabiliko dituzte. Osagai guztiak bere puntuan egin eta zapore ederra lortzeko berriz, premiazkoak diren pazientzia eta mimoa jarri beharko dituzte parte hartzaileek. 11.30ean jarriko dituzte sutan eltzeak eta 13.00 bitartean euren sukaldaritza ezagutza jendaurrean agertzeko tartea izango dute sukaldariek.

Eguerdi partean berriz, herri bazkaria izango da eta ondoren bazterrak alaitze aldera, karaoke, txiste eta irrintzi lehiaketa antolatu dituzte. Ilunabarrean berriz, Euskal Jaialdia izango da... eta kitto! elkarteak antolatua.

Gaste jo ta su lanean

Aurten San Joan jaiek badute ordea, berrikuntza berezia eta hori Gaste taldearen eskutik etorriko da. Gaste, Giro Alaia Suspertzeko Talde Eibartarra da eta herriko jai giroa bultzatu nahi duten 70 pertsona baino gehiago dira bertako kide. Horietako bat da Iosu Mendikute gaztea. Berak azaldu duenez, gazteek jaietan antolatzen diren ekintzetan parte hartzeaz gain, antolakuntzan ere aritzea ezinbestekoa da eta horixe da, hain justu ere, elkartearen lehentasunetako bat. «Elkartea, hasieran bi koadrilen iniziatibaz sortu bazen, jaietan gauzak antolatzen parte hartu nahi duten pertsonek osatzen dute, eta guztion artean makina bat ekintza lotzea lortu dugu». Izan ere, xede nagusia gazteen kultur eta aisialdi beharrei erantzutea, parte-hartzea sustatzea, jaiak bultzatzea eta herriko ohitura eta ospakizunak berreskuratzea da. Azken honetan, aipagarria da esaterako, eurak izango direla San Joanen irudiari herriko jaien zapia jarriko dietenak.

Gainerakoan, eibartarrek nahiz herrira bertaratzen direnek ondo identifikatu ahalko dituzte elkarteko kideak furgoneta berde batez baliatuko baitira batera eta bestera joateko eta megafonia bidez herriko bazterrak alaitzeko.

Lan eta esfortzu handia egin dute Gaste elkarteko kideek azken hilabeteetan eta jaietan ere lan egitea tokatuko zaiela batean eta bestean laguntza ematen dio Mendikutek, baina «disfrutatzeko modu berezia izango da». Bejondeiela!

Txokolate-jana

Bihar goizean eta astelehen goizean txokolate jana izango da Untzaga plazan. Hala parrandan ibili direnek indar berrituta etxeratzeko aukera izango dute. Goizeko bostetan izango da hitzordua.

Droga testa

Bihar goizaldeko 2.00etatik 5.00era Ego gain kalean, substantzien analisia egiteko gunea jarriko dute, drogomenpekotasu-nari aurre egiteko programaren barruan

Hilaren 30a arte

Jaien egun indartsuenak astelehena bitartekoak badira ere, jaien egitaraua ekainaren 30a bitartean luzatuko da.

Jaia eta kirol zaletasuna uztartuta

Eibartarrak buru-belarri jaietan sartuta ibilita ere, ez diote herriko futbol taldearen ibilbidea erreparatzeari utziko eta are gutxiago animatzeari. Taldeak hitzordu garrantzitsua du bihar 19.30ean, partidaren emaitzaren arabera Eibar datorren urtean Bigarrengo Mailan arituko baita. Horretarako, bi golen abantaila lortu beharko du Rayo Vallecano taldearen aurka, pasatu den astean Madrilen 1-0 galdu baitzuen.

Eibartarrek ez dute ahazten biharko zitaren garrantzia eta euren taldearekin egote aldera kalejira sartu dute jaien programan. Eibarko zaleak arratsaldeko 18.30ean batuko dira Untzaga plazan eta bertatik abiatuko dira Ipuruaraino. Biharkoan zaleen jaia eta animoak erabat ziurtaturik dituzte Eibar futbol taldeko jokalariek. Haiek partida aurrera ateratzeko ahalmena izanez gero, ospakizun ikaragarriak izango dira. Hori ziurtatuta dago.

Orain urte bete galdu zuen Eibar Futbol taldeak zilarrezko mailan jokatzeko aukera. Denboraldi txukuna egin du aurten taldeak eta horregatik dago uneotan iaz galdutako maila berreskuratzeko lehian. Denbora guztian izan du zaleen sostengua eta horiei emaniko laguntza eskertzeko modurik hoberena litzateke bihar bi goleko aldeaz irabaztea eta eibartar guztiei jaiak modu biribilean ospatzeko aitzakia ematea. Animo, beraz! GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo