GARA > Idatzia > Musika

Jamaikako musikaren historia bizia

Gauza bat argi dago: Jamaikako musikaren historian talde esanguratsurik bada hori Skatalites taldea da. Jamaikako uhartearen independentziarekin jaio zen eta «askatasun» egoera horrek ekarritako alaitasuna eta itxaropena musika bihurtu zuen. AEBetatik iritsitako rhythm&bluesa eta Karibeko mentoa eta calypsoa oinarri hartuta, ska musika sortu eta reggae musikaren hazia landatu zuen Skatalitesek. Jamaikako musikaren bilakaeran funtsezko rola jokatu duten musikariak dira eta ska-reggae disko garrantzitsuenetan aurki ditzakegu. Lau hamarkada hauetan taldeak gorabehera asko izan ditu eta dagoeneko taldea sortu zuten musikari gehienak ez daude gure artean, baina oraindik indartsu daude, kontzertuak ematen eta diskoak grabatzen jarraitzen dute. Kaleratu berri duten disko honetan Skatalitesen onena aurkituko dugu; 60ko hamarkadan musika mundua irauli zuen musikarekin datoz berriro eta nahiz eta partaide «original» asko falta diren, testigua jaso dutenek -horietako batzuk hasieratik taldearen kolaboratzaile izandakoak- taldearen mailari eutsi diote. Disko honetan, instrumental indartsuak eta abestutako kantu -Doreen Shafferen ahots gozoarekin hornituta- ederrak aurkituko ditugu eta taldearen ibilbidea ikusita, ziur gaude abesti berri hauek mundu osoan zehar zuzenean jotzeko irrikan egongo direla. Euskal Herrian askotan egon dira eta badakite gurean ongi etorriak izango direla beste behin ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo