GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Ameriketako artzainez saioa prestatzen ari da Ttipi-Ttapa

AEBetan hiru asteko bidaia labur bezain bizia egin ostean, «Euskal artzainak Ameriketan» erreportaje-sorta prestatzen ari dira Ttipi-Ttapa telebistako kideak. Hamasei ataletan banatuta, Nafarroako hedabideak bertako euskaldunen bizimodua islatu nahi izan du.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Goizalde Urdanpilletak aspalditik omen zuen AEBetara joan ziren euskaldunez erreportaje-sorta egiteko gogoa. Iaz «Bortzirietako artzainak Ameriketan» liburua argitaratu zuen eta, aurtengo urrirako, «Euskal artzainak Ameriketan» ikus-entzunezko erreportaje-sorta prestatu du Ttipi-Ttapa telebistarako.

Edurne Zubieta kameralaria lagun, hiru astez aritu da Ameriketako Estatu Batuetan bizi diren euskal herritarren nondik norakoak ikertzen: «Zubi lana egin nahi genuen, hangoek beren errealitatea ezagutarazi eta beren bizipenak agertzeko eta, gainera, handik, berak dauden tokitik». Honela, Los Angelestik hasi, Bakersfieldeko euskal festan izan, Fresnotik pasatu eta San Frantziscon euskal etxeen arteko mus txapelketaren finala ikusi eta, Renon, Winamuka herrian, NABOk (euskal etxeen erakundea) urtean behin ospatzen duen jaian izan ziren. Guztia hiru astean -bost hilabeteko aurre-prestakuntzaren ostean- eta, distantziak direla-eta, zazpi orduko autobus bidaiak tartean. «Eromena izan da -azaldu du Urdanpilletak-, baina merezi izan du».

Berezitasunen artean, euren arreta erakarri duten hainbat gauzarekin topo egin dutela azaldu du. Besteren artean, jaietako mezak. «Konbentzio zentroetan ematen zituzten, ondoan euskal produktuen postuak zeudela, lauburu, ikurrina eta dantzari artean», agertu du. Bestalde, «amerikanoen» irudia berrituta datozela azaldu du: «Errealitateak ez dio genuen pentsamenduari eusten; `amerikano' deitzen ditugun horiek oporretara etortzen direnean, aberatsak direla eta ia ez dutela lanik egiten iruditzen zaigu. Eta seietan etxetik atera eta arratsaldea sartu arte ez dira itzultzen».

Dagoeneko bi aurrerapen labur emanak dituzte eta dezente izan omen dira -baita AEBetan zeudenean ere- grabaketen eta argazkien (hogei orduko grabaketak eta bostehundik gora argazki dituzte) kopiak eskatu dizkietenak. Erreportaje-sorta (hamasei guztira) urrian ikusi ahal izango da Ttipi-Ttapan, eta Topaguneko gainerako telebistetan ematea ere espero da. Bien bitartean, Nafarroako hedabidearen webgunean bidaian zehar egin dituzten idatzizko kronikak eta argazkiak ikus daitezke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo