GARA > Idatzia > Ikusmira

Britainia Handiko Armadak gerra bukatutzat eman du Ipar Irlandan

Britainia Handiko Armadak Ipar Irlandako gerra amaitutzat eman du. 38 urte pasa eta gero, Defentsa Ministerioak bere kasernetara itzultzeko agindua emango die Sei Konderrietan geratzen diren bost mila bat soldaduei. Bere kuarteletan eta «misio zehatzik gabe». Hots, britainiar soldaduek Ipar Irlandan «segurtasun lanak» ez dituzte bete beharko aurrerantzean. 1969az geroztik, Britainia Handiko Armadaren presentzia guztiz itogarria izan da Ipar Irlandan. Orduan hasi zen «Banner» operazioa... kasik lau hamarkadatan luzatu den kanpaina militarra. Eskubide zibilen aldeko mugimendua gori-gori zegoenean bidali zituzten soldaduak Ipar Irlandara. Argudioa, unionista eta nazionalisten arteko iskanbilak baretzea. Baina soldaduak lurraldean bizi zuten zapalkuntza egoera areagotzera etorri ziren. Besteak beste, zorigaiztoko «Bloody Sunday» egin zuten; 1972ko urtarrilaren 30ean eskubide zibilen aldeko martxa egin zuten Derryn eta, Armadak tiroak jaurti ondoren, 13 pertsona hil ziren.

Geroztik, IRAren kanpainak gogor jo zuen Armada. Orotara, 763 militar britainiar hil dira gatazka horren ondorioz. Izan ere, 300.000 militarrek baino gehiagok parte hartu du «Banner» izena hartu zuen gerra operazioan. Atzo Gerry Kelly Sinn Feineko eledunak irudi ezagun bat erabili zuen Armadak Sei Konderrietan sortu zuen biolentzia eta beldur giroa deskribatzeko: «Britaniar soldaduen presentzia erabat zapaltzailea izan da eta, batzuetan, George Orwellek bere `1984' eleberrian irudikatu zuen egoera gogorarazi digute», azaldu zuen.

Big Brother horren amaiera iritsi da. Eta hori berri pozgarria da. Abuztuaren 1az geroztik, Aste Santuko akordioan sinaturiko beste konpromiso bat beteko da eta, behin militarrak beren kasernetara itzulita, Polizia berriak hartuko du bere gain segurtasunaren ardura. Beste pauso bat normalizazio bidean. Lehenik eta behin, armak politikagintzatik kanpo uzteko erabakia benetan eraginkorra izateko, alde bikoa izan behar dela frogatzen delako. IRAk borroka armatuari agur esan ondoren, britainiar Armadak gerra amaitutzat ematen du. Britainiar soldadu guztiak etxera noiz itzuliko diren zain, erabaki garrantzitsu baten aurrean gaude. 38 urteko atzerapenarekin bada ere -eta sufrimendu handia eragin ondoren-, jazarpen militarrari agur esateak etorkizun berria eraikitzeko aukerak zabaltzen dituelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo