GARA > Idatzia > Euskal Herria

Otegi askatzearen alde sei mila sinadura

Lauzpabost aste besterik ez dira igaro www.arnaldoaskatu.org webgunea martxan jarri zutenetik. Aste gutxi izan arren, sei mila atxikimendu bildu dituzte, eta horien artean nazioarteko makina bat pertsonaren eta eragileren babesa dago.

p013_2.jpg

DONOSTIA

Aste bakan batzuk besterik ez dira igaro Arnaldo Otegi aska dezatela galdegiten duen web-gunea martxan jarri zutenetik. Joan den ekainaren 8az geroztik Martuteneko espetxean preso dute Elgoibarko politikaria, eta asteotan sei mila sinaduratik gora jaso dira politikari independentista aska dezatela eskatzeko.

Arnaldo Otegi ezker abertzaleko mintzaide nagusia dela eta prozesu politikoan jokatu duen paper garrantzitsua kontuan hartuta, «larritasun handiko» gertaeratzat jotzen dute sinatzaileek Arnaldo Otegi espetxeratzea. Are gehiago, elgoibartarra kartzelatzearen atzean «erabaki politiko» bat dagoela salatzen dute, eta, era berean, hori guztiz deitoratzen dute.

Venezuela, Irlanda, Kolonbia...

Hala, www.arnaldoaskatu.org webgunean, lauzpabost asteotan, sei mila pertsonaren eta kolektiboren atxikimendua jaso dute. Mundu osoko herrietatik atxiki dira, baita Estatu espainoletik eta frantsesetik ere.

Hala, besteren artean, honako herritar eta eragile esanguratsuek adierazi diote atxikimendua Arnaldo Otegi berehala aska dezatela galdegiten duen manifestuari: ELA, LAB, STEE-EILAS, Anai-Artea, EAE-ANV, Abertzaleen Batasuna, EHNE Gipuzkoa, EHNE Bizkaia, Euskaria, ESAIT, Pablo Lorente (parlamentari nafar ohia), Tomas Urzainki (historialaria), Juanjo Soria (abokatua), Paul Nicholson (Via Campesinako kidea), Coordinadora Simon Bolivar (Venezuela), Barry Mc Colgan (National Organiser O´gra Sinn Fein - Irlanda), Walter Agredo (Comite de Solidaridad Presos Politicos - Colombia), Bruno Lopes Teixeiro (NÓS-UP, Galiza), Eoin O´Broin (Dublin), Ramon Zallo (EHUko irakaslea), Antonio Alvarez-Solis (kazetaria), Comite de Solidarite avec le Peuple Basque (Paris), Joxe Agustin Arrieta (itzultzailea), Jesus Uzcudun (sindikalista), Luis Ocampo (Izquierda Castellana), Felix Placer (apaiza), Pedro Negrin (ekonomialaria), David Parrilla (sindikalista CCOO), eta beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo