GARA > Idatzia > Musika

Uda sasoiak azaleratzen dituen gauzak

Diskogintzan gabiltzanok benetan izorratzen gaituztenak ez dira kale gorrian ikusten. Haiek ez dute lasterka hasi behar Udaltzaingoa agertzen denean. Haiek, ikusezinak, kaleko saltzaileen lepotik aberastuak, ezkutuan kopiak egiten dituztenak, disko salduenen zerrenda ofizialak astero aztertzen dituzten mafioso eta esplotatzaileak dira

Blanca IZKUE, Musikagintzako langilea

Orain ez urte asko hondartzetan ohikoak ziren patata frijitu eta freskagarri saltzaileak, hondartza gora hondartza behera mila aldiz korritzearen poderioz azala beltzarandua zuten saltzaile oihulariak. Egun, aldiz, oso bestelako saltzaileak ditugu hondartza eta aldameneko pasealekuetan. Belztuak baino, beltzak, eguzkiaren beharrik ez duten CD eta DVD saltzaileak, Afrikatik etorritako mutil argal eta altuak.

Harritu egin naiz aste honetan gure itsasaldeko herri batean ikusi dudan haien kopuruarekin. Denak kopia pirataz osaturiko multzo bana eskuetan, esku batean DVDak eta bestean CDak, terrazetako bezeroei haien produktua eskainiz. Bitxia, den-denek agerian erakusten zuten diskoa berbera zelako: DVDen multzoan «The Simpsons» filma, eta CDen multzoan, aldiz, Miguel Bose-ren azkena. Top motxila. «Aupa maja» esaten ongi ikasi dute. Pazientziaz beteriko gazteak dira, beharrak irakatsitako pazientzia. Gure ondotik behin eta berriz pasa dira, eta nire lagunek zer esaten diedan ala zer aurpegi jartzen diedan begiratzen dute, ongi baitakite negozio honetatik bizi garenoi zelako mina egiten digun kopia piraten salmentak. Nik, aldiz, haiengan konkurrentzia desleiala ikusi beharrean, haien aurpegiei erreparatzen diet, eta begietan antzematen zaien gogaitasuna eta nekea besterik ez dut ikusten. Haiekin haserretu ezinik, eskuetan daramaten CD multzo horien kopia egileengan pentsatzen dut.

Diskogintzan gabiltzanok benetan izorratzen gaituztenak ez dira kale gorrian ikusten. Haiek ez dute lasterka hasi behar Udaltzaingoa agertzen delarik. Haiek, ikusezinak, kaleko saltzaileen lepotik aberastuak, ezkutuan kopiak egiten dituztenak, disko salduenen zerrenda ofizialak astero aztertzen dituzten mafioso eta esplotatzaileak dira. Kaleko saltzaileei Miguel Bose nor den, edo bere diskoekin asko ala gutxi irabazten ote duen, haiei bost. «Papito»-ren kontra deus ere ez dudan arren, CD pirata horien erruz zenbat kopia legal gutxiago salduko dituen ere niri bost. Etika merkea agian, baina batzuek halako ezberdintasunak egiten ditugu artisten artean: haien disko eta kantuei ateratako etekinei esker sekulako ondasuna lortu dutenak, eta haien hurrengo diskoa kaleratu ahal izanen ote den zalantza duten musikariak, aurreko lanaren salmentak sinbolikoak izan direlako. Esatea alferrikakoa bada ere, saia zaitezte bereizten kalean erosten duzuena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo