GARA > Idatzia > Musika

Disko berriak

Bizi osoa reggaearen sua zabaltzen

p050_f02_185x101.jpg

Aritz Sound System

Winston Rodney ez da egun batean sortu eta hurrengoan desagertzen den musikaria. Winston Rodneyk 35 urteko ibilbidea du musika munduan. Jamaikako St. Ann nekazaritza gune txiroan jaio zen eta bere garaiko gazte gehienak ez bezala, musikari esker, munduari hainbat bira emateko aukera izan du. Kontinenteak eta herriak ezagutu ditu, hizkuntza eta kultura desberdineko jendea ezagutu du eta musikatik bizitzeko pribilegioa izan du.

Musikak asko eman dio, eta berak asko eman dio musikari. Nortasun berezia du Winston Rodneyk. Ahots pribilegiatua eduki gabe, komunikatzaile fina da. Sentimenduak musikaren bidez adierazteko dohain berezia duten horietakoa da eta gauza asko ditu esateko. Jamaikarrek 400 urteko esklabotasunean galdutako duintasuna eta oroimena berreskuratzen lagundu du. Bere kantuetan sufrimenduaren garratza atzeman daiteke eta itxaropenaren distira.

Sustrai sakonak dituen zuhaitza da eta orain, urtetako borrokaldia eta gero, atsedenerako prestatzen ari da. Musika industriaren atzaparretatik askeago bizi da orain, bere disko etxea du eta gauzak bere erara egin nahi ditu. Aro berrirako prestatzen ari da eta horren isla dira kaleratu dituen disko bikoitza eta DVD hau. Bere ibilbidearen bilduma da; orain arte argitaratu gabeko kantuekin eta zuzenean duen indarraren erakusle diren hainbat grabaziorekin. Ezagutzea merezi duen musikaria, zalantzarik gabe. Urte askotarako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo