GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Ondasunak eta hondamenak

Lurrikara batek Peruko kostako hainbat eskualde astindu berri ditu, aberats bizi zirenei ondasun apur bat kenduz eta miserian zirautenak hondamen berean utziz; alde horretatik begiratuta, lurrikarak aurrerakoiagoak dira hemengo Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga baino, ondasunak eta hondamenak, biak munduko ekonomiak sortuak, parekatzen saiatzen direlako, hondamenen mailan parekatzen saiatu ere. Izan ere, lurrikaren ondorioetan tektonikako plaka gizajoek baino ardura askoz gehiago du ekonomia globalizatuak, Peruko kostaldean sukurtsal txikia besterik ez duen ekonomia horrek. Tira, barea omen den Ozeano Pazifikoaren hegoaldean da lurrikara gertatua; lastima barea izana, oldartua beharko zuen horrek eta ez hegoan, iparrean baizik, hango kostan diren failak abian jartzeko beste oldartua, azken batez ipar horretan kokatzen baitira sukurtsal handi nagusiak. Failak askatu!, munduan justiziak ekonomiak baino aukera gehiago izan dezan.

Urakanak ere animatu dira azken egunotan eta bere astindu propioa eraman dute Karibeko kostetara, teilatuek berez, diseinuz, bete behar duten helburua ezin betean utziz. Hildakoak hor ere, miseriatik gertu bizi izan ohi direnen artean, jakina. Pobreak eta aberatsak, noiz edo noiz guztiei heltzen zaie hiltzeko ordua, egia da, baina egia handiagoa txiroak horretarako gehiago entrenatzen direla. Urakan batek iparreko kosta zuria astinduko balu, seguruenik kezkarik handiena han kanpainako ile-apaindegiak ahalik eta azkarren zabaltzea izango litzateke. Seguruenik. Beste gauza bat da iparreko zonalde beltza astinduko balu, Katrina gogoan. Iparrean bertan hegoa izan baden seinale.

Ez dakit beste munduetan, baina Euskal Herrikoan behintzat abuztuan gara, momentuz. Ipar Irlandako Gobernu partekatuak 100 egun bete dituen honetan. Zelan demontre lortu dute? Zaila dugu hemen prozesua egoki bideratzea gure ibaien bideak berak ere errespetatzen ez dakigunean. Gora egin berri dute ibaiek hainbat lekutan, Euriborrak beste, eta errepide tarte batzuk hartu ere! Mesedez! non da, baina, zuzenbide-estatua hori zigortzeko?. Ostalariak kexu, galerak izan omen dituzte, eguraldiaren txarra dela eta. Hau kolpea! Negu epeletan ez dute irabazien berri ematen! Ene, ene! Ekonomia! Ibaiak askatu! Munduan justiziak ekonomiak baino aukera gehiago izan dezan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo