GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Maite Erro Jauregi EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako defendatzailea

Gizonak: Goranzko balioa

Zaila da azaltzea zein irizpide objektibok justifika dezakeen bakarrik emakumezkoak izateagatik ia heren bat gutxiago kobratzea; edo zergatik aitortzen zaien gizonezkoei soilik, erakunde batekiko leialtasuna; eta zergatik goi-mailako prestakuntza akademikoa desberdin baloratzen den...

Orain dela gutxi Europako Batzordeak gizonen eta emakumeen ordainsari- aldeari buruzko txosten bat argitaratu du; Vladimir Spidla Enplegu eta Gizarte Gaietako komisarioak (2007ko uztailan) aurkeztutako txosten horren emaitzek sexuagatiko soldata-bereizkeriaren larritasuna ageri dute.

Txosten horren aurkikuntzarik nabarmenak azaldu aurretik, egoki deritzot emakumeen independentzia ekonomikoaren garrantziari buruzko gogoeta laburra egiteari. 60ko hamarkadan, ama gehienek batez ere independentzia ekonomikoa lortzearen garrantziaz ohartarazten zieten alabei, nolabait printzipio hori nekoso bilakatu arte; izan ere, kontu hori behin eta berriro azaltzen baitzen amen eta alaben eguneroko komunikazioan. Baina nekosoa zen ere gure amei senarrek zenbat irabazten zuten ez jakiteak eragindako etsipenaren berri izatea, eta zer-nolako moldaketak egin behar zituzten hilaren amaierara heltzeko senarrek emandako diruarekin, gizonek praketako sakelatik ateratzen zuten kartazal nabar batean gordetako diru horrekin, hain zuzen.

Berrogei urte baino gehiago igaro dira, baina, noranzko bidea hartu du gaur egun emakumeen dependentzia/independentzia ekonomikoak? Begi-bistan da emakumeen independentzia ekonomikoa eta garapen profesionala bilatzea 80ko hamarkadaren hasieran egiaztatu zela, orduan emakume gehienak ordain- dutako lanaren eremuan sartu baitziren, eta lan-merkaturatze hori hazi egin da gaur egun arte.

Dena den, bestelako ñabardurekin bada ere, gaur egun ezaugarri bat errepikatzen da: ez gara jabetzen gizonezko langileen eta emakumezko langileen ordainsaria-aldeaz; izan ere, soldatak ez die emakumeei independentzia ematen, bikotekidearen edo senarraren soldataren «osagarritzat» jotzen baita. Hori gertatzen da, nahiz eta ia orain dela 60 urte Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) balio bereko lan baten truke langileek, gizonezkoak zein emakumezkoak izan, diru-kopuru bera kobratu behar dutela jaso zuen; nahiz eta berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren funtsezko eskubideak ia orain dela 30 urtekoak izan, eta nahiz eta Berdintasunerako Euskal Legeak (2005) zein Berdintasunerako Lege Organikoak (2007) sexuagatiko bereizkeria debekatzen duten.

Europako Batzordeak egindako txostenaren emaitzek egiaztatzen dute errealitate hori; emakumezkoek gizonezkoek baino %15 gutxiago kobratzen baitute, batez beste. Gainera, alde hori 2 puntu baino ez da gutxitu azken hamar urteotan (1995-2005), eta, horrenbestez, beste 75 urte itxaron beharko da Europar Batasuneko herrialdeetan soldata-bereizkeriarik ezaren eskubidea bete dadin. Estatu espainolean alde hori %30,1ekoa da, Zerga Agentziak argitaratutako datuen arabera; hortaz, emakumezko langileek 150 urte itxaron beharko dute gizonezko langileek beste kobratzeko.

Txostenak beste datu ulergaitz bat erakusten du, alegia: gizonezkoen eta emakumezkoen soldata-aldea handiagoa da adina, prestakuntza edo lan-esperientzia gehitzen den heinean. Hala, 50 eta 60 urte bitarteko emakumezkoek adin bereko gizonezkokoek baino %30 gutxiago ere kobratzen dute; emakume lizen- tziadunek ikaskide ohiek baino %30 gutxiago; eta, laneko esperientzia 30 urtekoa baino luzeagoa denean, gizonezkoen eta emakumezkoen soldata-aldea %32ra ere heltzen da.

Zaila da azaltzea zein irizpide objektibok justifika dezakeen adin bereko pertsonek, bakarrik emakumezkoak izateagatik, ia heren bat gutxiago kobratzea; edo zergatik aitortzen zaien gizonezkoei soilik, ondorio ekonomikoekin, erakunde batekiko leialtasuna eta fideltasuna; eta zergatik goi-mailako prestakuntza akademikoa desberdin baloratzen eta aitortzen den, gizonezkoa edo emakumezkoa izate hutsagatik, unibertsitateko emakumezko ikasleek espediente akademiko hobeak badituzte ere.

Sen ona duen edonork galdetuko dio bere buruari zein arrazoi objektibo egon ote daitekeen gizonen eta emakumeen soldata-bereizkeria justifikatzeko, duda barik, hori gertatzeak laguntzen baitu oraindik ere gizonezkoen ekarpenen balioa goranzkoa izaten, eta emakumeak, berriz, mende eta aitormenaren faltan. Egia esanda, patriarkatuaren «zaindarien» leialtasunak eta konplizitateak era askotarikoak dira: batetik, legeek uzten dituzten zirrikituak aurkitu eta gizonezkoen eta emakumezkoen ezin onartuzko soldata-aldea ezartzen duten laneko kontratuak egiten dituzten pertsonak; bestetik, hori ontzat eman eta lan bila dabiltzan emakumeek kontratu horiek sinatu behar izatea ahalbidetzen dutenak; eta, azkenik, soldata-bidegabekeria horien aurrean beste alde batera begira geratzen direnak.

Azken finean, historia osoan eta batez ere azken mendeetan, emakumeek lan ordaindua izateko eskubidea errebindikatu dute, baina, badirudi, ordea, estatistikek egiaztatzen dutenez, oraindik urruti gaudela lan-eremuan emakumeen ekarpenen aitorpen soziala eta bidezko soldata lortzeko helmugatik; eta horretara heltzeko gizarte osoaren konpromiso sendoa behar da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo