GARA > Idatzia > Euskal Herria

Donostia, nanozientziaren erdigune ostirala bitartean

Bost egunez Kursaal jauregia nanozientzian eta nanoteknologian egiten ari diren lanen erakusleiho bilakatuko da. Atzo hasi eta ostiralera arte 40 adituk 60 mintzaldi emango dituzte Trends in Nanotecloghy kongresuaren baitan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, aukera paregabea izango da Euskal Herrian egiten diren lanak ezagutarazteko.

Maider EIZMENDI | DONOSTIA

«Nanozientzia naturari aurre egiteko modu bat da, baina eskala txikiagoan». Gisa horretan definitu zuen Pedro Miguel Etxenike zientzialariak datozen egunetan Donostiako Kursaal Jauregian egingo duten kongresuaren erdigune izango den zientzia alorra. Trends in Nanotecnologhy (TNT) kongresuaren zortzigarren edizioa atzo hasi zen, eta ostirala bitartean Nanozientziaren eta nanoteknologiaren munduan diharduten adituetako asko batuko ditu.

Kongresua aurkezteko egin zuten ekitaldian honakoak izan ziren: Antonio Correia TNT Kongresuen antolatzaile eta presidentea, Pedro Miguel Etxenike DIPC eta CSIC-UPV-EHUko zentro mistoko zuzendaria, Jose Maria Pikarte CIC Nanoguneko zuzendari nagusia eta Juan Jose Saenz Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakaslea.

Azken horrek nanozientziaren gertutasuna izan zuen hizpide, eta aplikazioak egunerokoan baliatzen direla nabarmendu zuen. Hala, antolatzaileek, besteren artean, dispositibo elektronikoetan eta autoen beirak babesteko baliatzen dela esan zuten, baita kosmetika alorrean ere. «Adibidez, eguzkitako kremak egiteko, hala, horiek igurtzita azala ez da zurituta geratzen, baina erradiazio kaltega- rriaz babesten gaitu», azaldu zuen, ederrenak etortzeko daudela esaterekin batera.

Alor horretan diharduten pertsonen lanaren plaza eta elkargune izatea du helburu kongresuak, Correiak nabarmendu zuenez; hau da, mundu guztiko ikertzaileek euren ikerketen emaitzak aurkeztuko dituzte topaketa horretan, eta, era berean, epe motz edo ertainera begira eurek duten ikuspegiari eta pertzepzioei lekua eskainiko diete. Orotara, 41 ikertzailek bost egunez 60 mintzaldi emango dituzte, eta horiek entzuteko 440 pertsonak eman dute izena. Antolatzaileek beren ikerketen berri emango duten zientzialarien garrantzia nabarmendu zuten eta, besteren artean, Jean-Marie Lehn Nobel sariduna eta John Pendry nabarmendu zituzten, Sumio Iijima-rekin eta Antonio Hernandorekin batera.

Correiak azaldu zuenez, Donostia aukeratu dute kongresu hau egiteko azken urteetan bertan nanoteknologiaren alorrean martxan jartzen ari diren ekimenengatik, besteren artean, CIC Nanogunerengatik.

Hain zuzen, Euskal Herriak nazioarteko komunitate zientifikoaren aurrean bere ikerketa ahalmena erakusteko eta nanoak eskaintzen dituen negozio aukeren berri emateko erakusmahai handi bat jarri dute Kursaalen bertan. Etxenikeren esanetan, bertan egiten diren lanak plazaratuta ikertzaileak erakar daitezke. «Lehen, norberak aukeratzen zuen zein pertsona nahi zituen lan egiteko; orain bestelakoa da kontua, orain jende onak zu aukeratu behar zaitu», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo