GARA > Idatzia > Arrauna

Kontxako Bandera

Orio garaipenaren gose da eta titulua eraman nahi du

San Nikolas ontziak zazpi urte darama denboraldiko probarik garrantzitsuena irabazi gabe eta hurrengo igandean ez du aukera eder hori pasatzen utzi nahi

p044_f01_199x136.jpg

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Donostiako hiria kolorez betetzen hasia da arraun munduko denboraldian dagoen probarik garrantzitsuena eta preziatuenari harrera egiteko. Bai. Proba horrek Kontxako Bandera du izena eta iragan igandean sekulako giroaz aparte, traineruek maila bikaina eman zuten Donostiako badian.

Hautagaien artean Orio izan zen azkarrena. Ezustekoa izan omen zen askorentzat eta taldean sentsazio onak utzi zituen lortutako alde nabarmena (11 segundoko aldea kendu dio Urdaibairi eta Hondarribiari).

Orioko prestatzaile Joxean Olaskoagak egokitzat jo zuen haien estropada atzo: «Balorazioa oso ona izan zen. Igandean eginiko estropada denboraldiko onena izan zela esango nuke».

Izan ere, oriotarrek Hondarribiaren txanda berberan atera ziren. Ama Guadalupekoa ontziak ez zuen zorte ona eduki lehengo urtean Kontxatik kanpo geratu baitzen. Hala, aurtengo edizioko hautagai nagusien artean kokatzen zen hasiera batean.

Horiek hala, beste hautagai nagusia, Urdaibai, San Miguel Ligan denboraldi ederra egiten ari da eta ezustekoa izan zen igandean bigarren postuan -Oriotik 11 segundora- sailkatzea.

Olaskoagak, dena den, oso indartsu ikusi zituen aurkariak: «Beste hautagai nagusiak oso indartsu ikusi nituen. Hondarribia bera oso indartsu aritu zen. Urdaibaik presioa nabaritu zuela uste dut. Bigarren txandan atera zirenez, bazekiten geuk egin genuen denbora ona. Hala ere, ez zuten beste egunetan bezala gozatu, zertxobait prezipitatuta ibili ziren».

Garaipenaren gose

Oriok zazpi urte daramatza Kontxako Bandera irabazi gabe eta hori dela-eta, arraunlariek oso pozik eta motibatuta amaitu zuten igandeko estropada Donostiako badian.

«Arraunlariak ilusioz beterik eta motibatuta daude. Azken urteetan ez dugu horrelako aukerarik izan eta zazpi urte hauetan Castro, Pedreña... Kantabriakoak orokorrean, oso ondo ibili dira eta bigarren igandera aukerarik gabe iristen ginen. 20-25 segundora sartzen ginen eta horri buelta ematea oso zaila da. Baina tira, aurten aukera dugu eta oso motibatuta gaude», nabarmendu zuen Olaskoagak.

Oriokoek hurrengo igandea dute buruan jada. San Miguel Ligan lau estropada falta dira oraindik eta ez dago ezer ziurtatuta, baina San Nikolas ontzikoek memento honetan Kontxako Banderari begiratzen diote. Beste 20 minutu falta dira orandik eta hankak lurrean eduki nahi dituzte edozer gauza gerta litekeelako.

Badakite hamaika segundoko tartea eskasa dela, baina beste taldeentzat eternitatea izan daiteke. Argi dagoena da etxeko arraunlariez osatutako talde hau ilusioz beterik joango dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo