GARA > Idatzia > Pilota

«Aurtengo helburua lehen mailako atzelaria izatea izango da»

p045_f01_111x111.jpg

Xabi GALARZA, pilotaria
Zortzi urte eramaten ditu Lemoako pilotariak profesional moduan jokatzen. Ibilbidean ez du zori handirik izan min-hartzeekin eta denbora luzez egon da bere benetako maila erakutsi gabe. Aurten bigarren mailako bi finalak jokatu eta biak galdu ditu. Hala ere, azken bi hilabeteetan gorantz egin du bere joku mailak eta estelarrak jokatzen hasi da.

Azkenengo asteetan erakutsi duen maila dela-eta beste hiru urteetarako luzatu dio kontratua Aspek Galarzari.

Gustura al zaude orain arte lortutako emaitzekin?

Bai gustura nago emaitza onak lortu ditudalako, eta batez ere min-hartzerik ez izateak jarraitutasuna eman didalako. Hori oso garrantzitsua izan da niretzat. Jarraitutasuna izanez gero, errazago egiten duzu gorantz eta konfiantzaz jardutea lortzen duzu. Pilotan ondo ibiltzeko derrigorrez izan behar duzu jarraitutasun minimo bat. Hori lortuta, hobeto ibiltzea lortu dut.

Beraz, jarraitutasuna al da aurtengo udako hobetzearen arrazoi nagusia?

Bai, hala da. Eskuko minak eta min-hartzeak joan zitzaizkidanean ganoraz entrenatzeko aukera izan nuen. Orduan partida asko jokatzen eta konfiantza handiagoa hartzen hasi nintzen.

Zenbat partida jokatu dituzu orain arte azken bi hilabeteetan?

Uztailan hamar jokatu nituen eta abuztuan hamabost jokatu ditut. Guztira hogeita bost norgehiagoka jokatu ditut.

Uda honetan estelarrak puntako pilotariekin jokatzen hasi zara. Zein desberdintasun dago goi mailan edo maila apalagoan ibiltzearen artean?

Alde nabarmenena materialean dago. Materiala desberdina da, bote handiagoko pilotak dira goi mailako partidetan erabiltzen direnak. Beste desberdintasun bat partidetako erritmoan dago. Bigarren mailako partidetan baino askoz ere erritmo altuagoa dago estelarretan.

Zein ondorio ateratzen dituzu aurtengo denboralditik?

Lehen esan dizudan bezala, aurten orain arte izan ez dudan jarraitutasuna izaten lortu dut. Eskuak ondo izan ditudanez, ondo entrenatu naiz neguan eta partida asko jokatzeko aukera izan dut. Hori izan da aurtengo denboraldiak eman didan gauzarik positiboena.

Zein sentsazio dituzu bigarren mailako bi finalak jokatu eta biak galdu eta gero?

Zapore gazi-gozoa gordetzen dut aurtengo bi txapelketetatik. Finalera heltzeagatik pozik nago, baina bietan txapela janztea falta izan zitzaidan. Orain beste hiru urteko kontratua sinatu dut eta beharbada epe horretan txapelaren bat etorriko delakoan nago.

Ibilbide profesionaleko unerik onenean zaudela uste al duzu?

Bai zalantzarik gabe. Orain hamabost partida jokatzen ditut hilero; sekula ez bezala. Afizionatuetan ere ez nituen horrenbeste partida jokatzen. Azken hilabeteetan gorantz egin dut eta indar handiagoekin ikusi dut neure burua.

Zein arazo mota izan zenituen eskuetan?

Tendoietako arazo bat izan dut azken urteetan. Takoak beste modu batean jartzen ikasi dut, eta horren ondorioz eskuak gogortu egin zaizkidala uste dut. Oraingoz, arazoa ez da bueltatu eta espero etorkizunean ere eskuak behar bezala izatea.

Eskuetako minaz gain, belaunetako arazoak ere izan ditut. Aspera etorri nintzenean tendinitisa izan nuen belaunean. Orduan garai onean harrapatu ninduen lesioak, eta estelarrak jokatzeari utzi behar izan nion. Gero urtebete egon nintzen geldirik eta nire mailak beherantz egin zuen nabarmen.

Zure lesioa desagertzeak, beraz, ekarri du udan erakusten ari zaren maila?

Min-hartuta egon naizen bitartean memento latzak izan ditut. Zulotik irtetea ezinezkoa zela pentsatzera heldu izan naiz. Orain zulotik irten eta argia ikusten hasi naiz ordea, nire joko mailak gorantz egin du eta partida eta entrenamendu gehiagorekin oraindik gehiago igotzea espero dut.

Izan dituzun lesioez guztiz osaturik al zaude?

Bai, belauneko eta eskuetako arazoak desagertu egin zaizkit. Orain arte eskuek ondo erantzun didate eta bide onean jarraitzea espero dut. Hala ere, ni pilotaria naiz eta posible da etorkizunean eskuetako beste lesiorik izatea.

Etorkizunari dagokionez, zer helburu jartzen dizkiozu zeure buruari?

Memento honetan maila handiko atzelari asko daude Aspen. Hala ere, nire helburua zailtasunak gainditu eta estelarretan jokatzea izango da.

Lehen mailako txapelketaren batean parte hartzeko esperantzarik al duzu?

Zaila da lehen mailako txapelketetan egotea, baina lanean gogor arituko naiz bertan egoteko asmoarekin. Aurtengo helburua lehen mailako atzelaria izatea izango da.

Mikel ARREGI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo