GARA > Idatzia > Kultura

«Poesia orduak», Donostiako Euskal Jaien egitarauaren babesean

GARA | DONOSTIA

Euskal Idazleen Elkarteak Poesia orduak izenburuko jaialdiak antolatu ditu, Donostiako Udalarekin elkarlanean, Euskal Jaien egitarauaren baitan.

Poesia orduak jaialdiak Victoria Eugenia antzokiko Klub aretoan izango dira irailaren 6an eta 7an, iluntzeko zortzietatik aurrera. Jaialdi bakoitzak bi zati izango ditu: errezitaldiak eta ikuskizuna.

Lehen egunean, Miren Agur Meabe, Felipe Juaristi, Koldo Zubeldia, Tere Irastortza, Patxi Lopez de Tejada, Edu Zelaieta eta Maite Toledo arituko dira poemak errezitatzen, eta, ondoren, Bihotz Bakartien Klubekoek «Katamalo» izenburuko ikuskizuna emango dute. Egun horretan, Jon Maiak egingo ditu aurkezlearenak.

Irailaren 7an, berriz, Lucien Etxezaharretak, Leire Bilbaok, Juankar Lopez Mugartzak, Joan Mari Irigoienek, Castillo Suarezek eta Igor Estankonak irakurriko dituzte poemak, eta, jarraian, Juan Ramon Makusok eta bere taldeak «Hiri gorazarre» ikuskizuna emango dute. Aurkezlearenak Arantxa Iturbek egingo ditu egun horretan.

Hala irailaren 6an nola irailaren 7an Oihane Igerabide harpa-jotzailea izango dute lagun poetek errezitatzen duten bitartean.

Poesia orduak jaialdietara doazenek liburuxka bana jasoko dute parte-hartzaileek errezitatuko dituzten poemekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo