GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hiru hildako Karrantzan eta Zestoan gertatutako bi trafiko istriputan

Britainia Handiko gizona eta emakumezkoa hil ziren atzo arratsaldean Karrantzan, beren motorrak ibilgailu batekin tupust egin ondoren. Igande gauean Zestoan gertaturiko beste istripu batean, Azkoitiko emakume bat zendu zen, furgoneta batek harrapatuta.

p019_f01_199x116.jpg

GARA | KARRANTZA

Hiru pertsona zendu dira az- ken ordu hauetan euskal erre-pideetan. Horietatik bi Karrantzan hil ziren atzo, arratsalde- ko hirurak aldera izandako gertaeran, haien motorrak Mitsubishi Montero baten aurka jo zuenean.

Lakuako Barne Sailak azaldutakoaren arabera, istripua BI-630 errepidean gertatu zen. Motorrean zihoazen bi lagunak -Britainia Handiko gizon-emakumezkoak, 52 urteko R.CH.B eta 54ko S.M.B- autoaren azpian geratu ziren kolpearen ostean, eta suhiltzaileek bertaratu izan behar zuten handik atera ahal izateko. Hori guztia dela-eta, trafikoan eragozpenak izan ziren Karrantza parean, Kantabriako norabidean. Ertzaintzak ikerketa hasi du istripuaren zergatiak argitzearren.

Zestoan gertaturiko beste istripu batean hil zen hirugarren laguna, Azkoitiko 78 urteko emakumezkoa, M.A.E.. Arroa auzoko gasolindegiaren parean, N-634 errepidean, C-15 furgoneta batek azkoitiarra harrapatu zuen igande gauean, hamaikak eta hamar inguruan. Ertzaintza eta osasun zerbitzuak gertaeraren lekura iritsi zirenerako, emakumea hilik zegoen.

Polizia autonomikoak laguntza eskatu zien atzo herritarrei, lekukorik izan zen jakiteko eta istripuaren nondik norakoak ezagutu ahal izateko. Horretarako, telefono zenbaki bat jarri du -943-53 91 19, Gipuzkoako Trafiko Arloko Ikerketa Sailarena-, edozein datu helarazi dezakeenak bertara dei dezan.

Errepideetan hildakoak gerta ez daitezen, hain justu, Ertzaintzak eta EAEko udaltzaingoek segurtasun-uhalaren eta haurrentzako aulkien erabilera kontrolatzeko beste kanpaina bat abiatu zuten atzo, Barne Sailak jakinarazitakoaren arabera. Hilaren 16a arte iraungo du eta gidarien eta bidaiarien artean kontzientziazioa eta gailuon erabilera areagotu nahi ditu. Horregatik, datozen bi asteotan, segurtasun tresna bi horien gaineko kontrolak areagotuko dituzte ibilgailu arinetan eta garraioetarako ibilgailuetan, herri barruko eta kanpoko bideetan.

Trafiko Zuzendaritzaren arabera, mota honetako kanpainek ibilgailuetan segurtasun gailuen erabilera zuzena zabaltzen laguntzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo