GARA > Idatzia > Eibar

EIBAR Garaipenik ez

Taldeak egindako jokoak zalantzak saihesten ditu

Eibarrek ez du oraindik garaipenik lortu baina lehen bi partidetan egindako jokoari esker lasai, begiratzen diote gorri-urdinek etorkizunari

p040_f01_111x111.jpg

Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR

Bi jaurdunaldi jokatu baina oraindik ez du garaipenik lortu Eibarrek. Ez dago, hala ere, inolako larritasunik sumatzen. Partida asko daude eta gorri-urdinen ustetan, ez dute helburua betetzeko arazo handiegirik izango bi norgehiagoka horietan erakutsitako jokoari eusten badio taldeak.

Realaren aurka jokatutako partidak, batez ere, markatu behar du, haien esanetan, eibartarrek jarraitu behar duten bidea. «Bigarren zatia berdinduagoa izan zen -onartu zuen atzo Jon Altunak-, baina lehen zatian argi nagusitu ginen. Taldeak ondo presionatu zuen, lan ona eta asko egin zuen... Irudi horrekin geratu behar gara. Beharbada, egun dauzkagun puntuak ez dira egindakoaren isla zuzena, baina horrela jarraitzen badugu, helduko dira puntuak», adierazi zuen erdilariak.

«Eta lehenbailehen heltzen bada garaipen hori, askoz hobe; baina ez gaude kezkaturik -esan zuen-. Oraindik bigarren jaurdunaldian gaude eta larritasunekin hasten bagara, zer-nolako denboraldia izango dugu!. Luzea da, partida asko geratzen dira eta taldeak badaki zer egin behar duen. Helduko dira».

Egutegi gogorra

Zoritxarrez, badirudi egutegiak ez dizkiola Eibarri garaipenak eskuratzeko aukera onenak eskainiko datorren asteetan.

Celta eta Nastic ditu hurrengo arerioak, iaz jaitsitako taldeak eta, teoriaz, berriro ere Lehen Mailara igotzeko faboritoak, galiziarren hasiera batere ona ez den arren. «Partida zaila izango da, guztiak bezalakoa. Jaitsitako taldea, kalitate handikoa, beren zelaian jokatuko dugu... Zaila izango da, baina baikor izateko moduko armak ditugu. Ferrolen ere ondo aritu ginen eta bazirudien talde kaskarra edo zela, baina igandean 1-3 irabazi zuen eta lau puntu dauzka; eta gu ondo aritu ginen haien aurka. Oraingoan ere zer edo zer lortzeko aukera izan dezakegula uste dut», azaldu zuen Altunak.

Atzo hasi ziren gorri-urdinak Balaidoseko partida hori prestatzen. Asteko lehen saioan Carmelo Yuste falta zen bakarrik, derbian hankan izandako kolpe baten ondorioz.

Partida larunbatean jokatuko dutenez (ETB-1ek emango du), Eibarrek ostegunean bidaiatuko du eta ostiralean Allarizen egingo dute asteko azken saioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo