GARA > Idatzia > Gutunak

Angel Mari Eguren Aranzadi Ikastolako lehendakaria

Mila esker Kilometroak 07ren aldetik

Aranzadi Ikastolak eskerrak eman nahi dizkie pasa den igandean Bergara milaka eta milaka euskaltzale eta ikastola zaleen bilgune izatea ahalbidetu zuten guztiei.

Eskerrak, hortaz, urteko nahiz eguneko antolakuntza lanetan batzorde desberdinetan parte hartu duzuen guzti-guztioi. Lan ikaragarria egin duzue eta horren adierazle da urriaren 7ko emaitza. Hurrengo batean ere badakigu nora jo. Eskerrak, baita, behar puntualetan prest izan ditugun laguntzaile guztiei ere. Aipatu beharra dago herritik kanpoko jendea ere lanean aritu zela Kilometroak 07 egunean. Esker mila, zelan ez, ekitaldietan nahiz antolaketan musu truk parte hartu duzuen taldeei. Mila esker denoi!

Eskerrak, baita, Euskal Herri osotik etorritakoei; bailaratik etorritakoei, eskerrik asko autobusaren zain egon behar izan zutenei (batez ere Arrasaten, Soraluzen, Antzuolan, Osintxun, Zumarragan...). Eskerrak, azken batean, 2007ko urriaren 7an Bergaran ospatu zen Kilometroak jaia hain arrakastatsua, naturala, girotsua, polita eta ongi antolatua izatea ahalbidetu duzuen guztioi.

Orain Nafarroa Oinez-en txanda da. Aurten Vianan ospatuko da urriaren 21ean; hortaz, denok Vianara!

Bide batez, lerro hauek aprobetxatu nahi ditugu, Vianan jende beharrean daudela esateko: txosnetan, arropa salmentan eta informazio/zaintza gunean lan egiteko. Animatuz gero, deitu 948 44 62 65 / 948 64 66 17 / 688 60 99 13 telefonoetara edo bidali mezu bat helbide honetara: oinez07@gmail.com. Eskertuko dute gure laguntza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo