GARA > Idatzia > Kirolak

Motoziklismoa

Dani Pedrosak guztiak harrapatu ditu ezustean

p051_f02_088x088.jpg

GARA | PHILLIP ISLAND

Australiako sari nagusian Honda taldeko Dani Pedrosa kataluniarrak erdietsi du GP mailan entrenamendu ofizialetako denborarik onena, Stoner, Rossi eta enparauak ezustean harrapatuta. 250 eta 125 zentimetro kubikotan berriz, Jorge Lorenzo eta Mattia Pasini izan dira azkarrenak. Efren Vazquez, bere aldetik, hogeita batgarren lekuan aterako da Phillip Islandeko zirkuituan.

Eguraldi ezegonkorra izanda, iaz lortutako pole position-a errepikatu zuen atzo Dani Pedrosak Australian. Asteburu osoan Casey Stoner, bere herrian profeta izateko ahalegin bizian dabilena, izan bazen Phillip Islandeko piloturik bizkorrena, atzoko azken entrenaldi ofizialean Bartzelonako pilotu gazteak lehenengo postua «ostu zion». Horrez gain, Valentino Rossik ere aurrea hartu zion australiarrari. Hala, hiruren artean beteko dute aurreneko ilara.

Oraingoz behintzat, ezingo du Stonerrek Mick Doohanen lekukoa hartu, bera izan baitzen azken australiarra Phillip Islanden denbora onena egiten.

Pedrosa-Rossi-Stoner hirukoaren atzetik, iazko munduko txapeldun Nicky Hayden sailkatu zen laugarren lekuan, eta berarekin bigarren ilaran honako hauek aterako dira: Ducati taldeko Loris Capirossi eta Randy de Puniet, Kawasaky taldeko gidaria berau.

Entrenamenduotako emaitza hauek, nolabaiteko atsekabea sortu dute Phillip Islandera hurreratu diren zaletuen artean. Stoner munduko txapelduna bertakoa izaki, herriko semearen garaipena eta, hori ez ezik, erabateko nagusitza espero baitzuten. Dena dela, lasterketan gailentzerik badu oraindik, denboraldiko bederatzigarren garaipena erdietsiko luke hala eginez gero.

Lorenzo jaun eta jabe

Jorge Lorenzo izan zen atzoko beste protagonista. «Litro laurdeneko» munduko txapelketa eskura dauka, baina zalantza arrastorik ez uztearren, atzoko entrenamendu ofizialetan pole position-a eskuratu zuen. Orain euria hastea izan liteke bere arerioen azken itxaropena, ez baita hain ondo ibiltzen bustian.

Beste lasterketa askotan egin ohi duen moduan, Lorenzo jaun eta jabe izan zen entrenamendu saio guztietan. Bestetik, Aprilia taldeak Honda eta bestelakoei egurra eman zien atzokoan; izan ere, Lorenzoz gain, Apriliako pilotu Hector Barbera eta Alvaro Bautista izan ziren aurreneko lerroko lekuak eskuratu zituztenak. Sailkapenean Jorge Lorenzorengandik hurbilen dagoen Andrea Dovizioso, aldiz, zazpigarren postutik, hots, bigarren lerroko bukaera aldetik aterako da azkenean.

Euskal ordezkari bakarrak, Efren Vazquezek, bere ohiko maila eman zuen, eskastxoagoa akaso, eta hogeita batgarren postua eskuratu zuen.

Azkenik, 125 zentimetro kubikoen mailan, Aprilia taldeko Mattia Pasinik ezarri zuen denborarik onena. Bere atzetik Derbi taldeko Lukas Pesek eta KTMko Tomoyoshi Koyama sailkatu ziren hurrenez hurren.

Aitzitik, munduko txapelketa jokoan duten Faubel eta Talmacsi eskas ibili ziren, eta seigarren eta zortzigarren lekuak eskuratu zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo