GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Ez, ez, ez, Ez-pa-ña

Ez dakit. Ez dakit egia den baina egia delakoan xuxurlatu didate. Horra doakizu, entzun moduan, bitartekaririk gabe. Itxura batean, beheko estatuburuak, zorioneko talante zer hori omen duen hori berori, nahiko jarrera harbera dauka euskal gatazka behingoz konpontzeko, eta horren ahaleginetan eskua, atzamarrak barne, Amazonia beste zabal ei dauka abertzaleekin mahaira biltzeko.

Ez iezadazu galdetu zer berri beste eskuaz nik neuk ere ez dakit-eta. Total, borondate oso-osoa omen du. Kontua da, baina, alderdiko familiatik datorkiola tik moduko bat, sorburuko genea zein-non den sendagile konstituzio- nalistek oraindik asmatu gabea, aurpegiaren eskuinaldea, batez ere, hartzen diona eta mugimendua guztiz paralizatu gabe ere halako traba serio bat ezartzen dio bere nahi politikoa azaldu orduko; buruko etengabeko ezker-eskuin mugimendu dorpe batez ukapena adieraztera behartzen duena berak guztiz kontrakoa adierazi nahi badu ere. Baina borondate oso-osoa duela berresan dit konfidenteak. Are gehiago, hurrengo hauteskundeak irabazitatik hori desagertzea espero dute konfiantzazko sendagile konstituzionalistok, eta hortik aurrera ikusiko da bere talanterik alde talantetsuena euskal herritarron begi aurrean. Hasteko eta behin, prest omen dago estatuaren izena bera aldatzeko, abertzaleoi egindako lehendabiziko kontzesio modura.

Hortaz, Ezpaña da esku artean ezkutatzen duen izen posible bat, eta Ezpaina beste bat. Konfidenteak azaldu didanez jelkideak zoratzen daude bigarren aukera horrekin, euren ustetan horretan ezkutatzen baitu presidenteak lehendakariari bidali nahi dion mezua: Ez-baina. Tira! gerokoak gero!

Buelta gaitezen etorkizunetik oraingo iraganera. Zero numeroaren erabilerak nauka kezkatuta azken honetan. Numeroa bai, ez baitakit zer demontre zenbatzen duen horrek. Horra, Pobrezia Zero plataforma dago gurean, pobrezia amaitzea helburu. Ondo da. Demokrazia zero ere bazterrik bazter nago irakurtzen, demokrazia hastea helburu. Zerbeza zero ere, kontsumoa mantentzea helburu. Zeinek ulertu?. Kaloria zero zer da? Brigada mobila amaitu, hasi ala mantendu?. Ikaslerik txarrenak 0 du nota, baina onenak zero bi (00), oso ondo-edo. Ama, ama! Gainera eskuinean duen balioa ezkerrean galtzen du numero horrek.

Ez, ez da samurra zeroaren bizimodua. Ez, ez, ez eta ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo