GARA > Idatzia > Ekonomia

Elkar ezagutzarako «jarraitu beharreko urratsa» egin zuten artzainek Sarako mintegian

Hausnarketak, iritziak, lekukotasunak eta esperientziak elkartrukatu dituzte Saran, Euskal Herriko ardi arrazekin lan egiten duten artzainek. Ofizioaren egoeraz eta geroaz hausnarketa egiteko eta elkarrezagutzeko, mintegia «oso baliogarria» izan dela esan dute antolatzaileek.

P034_f02_199X116.jpg

Arantxa MANTEROLA |

«Egunotan egindako lanak frogatzen du saiakerak merezi izan duela. Elkar ezagutzan sakontzeko urrats berria izan da eta, zalantzarik gabe, jarraitu beharreko bidea dugu». Hitzokin amaitu zuen EHLGko ordezkariak, IKTrekin eta beste erakunde eta elkarteekin bi egunez Saran egindako topaketa.

Euskal Herrian bertako ardi arrazekin lanean diharduen artzaintzaren egoeraz eta nondik-norakoaz hausnartzea zuen xede jardunaldiak. Bezperan ehun bat lagunek egindako tailerretako (kudeaketaz, hobekuntza genetikoaz...) ondorioetan oinarrituta, irizpideak bateratzeari ekin zioten atzokoan.

Ahalmenak eta ahuleziak

Lekuko artzaintzaren faktore indartsuenak zerrendatzeko orduan, hobekuntza genetikoan egindako azterketak eta aitzinamenduak nabarmendu zituzten. Horrekin batera, Hego Euskal Herrian administrazioaren «gertutasuna» ¯Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa Paueko erakundeetara lotuta egoteagatik bizi duten halako «urruntasunari» kontrajarriz¯, lagungarritzat jo zuten. Gaztak lortutako ospea, etxean egindako ekoizpenak emaitza ekonomiko garrantzitsua lortu izana, artzainek ekosistemaren, ingurumenaren, paisaiaren eta landa lurretako herri eta populazioa mantentzeko egiten duten ekarpena edota sor-marken eragina ere aipatu zituzten.

Egun Euskal Herrian ofizialki onartuak dauden hiru sor-marka edo labelei dagokienean, Euskal Herri osorako bakarra sortzearen komenigarritasuna aipatu zuenik ere izan zen. Alta, gaztaren kasuan, aniztasun hori aberasgarritzat hartu zuten, besteak beste, bakoitzak erabiltzen duen lehengaia ardi-arraza ezberdinetatik eratorritakoa denez, eta ekoizteko moldeak berak ere berarizkoak direnez, bakoitzak bere berezitasuna izatea eta gordetzea, onuragarria delakoan.

Ahulguneak aipatzerakoan, berriz, zerrenda ez zen, ez, motz geratu. Kalitate-etiketa gehiegi dagoela merkatuan, esnea saltzera mugatzen diren artzainek irabazi oso eskasak dituztela, otsoaren, hartzaren edota saiaren eragina, artzainen formazio urria, lan nekosoa izateak eta artzainek beren ogibidean duten autoestima faltak belaunaldi berriak artzaintzan aritzeko benetako oztopo bilakatzen ari direla, esne-produkzioa izugarri emendatu bada ere irabaziek maila bertsuan segitzen dutela, artzain batzuek beste ardi arrazak lehenestea... izan ziren azaldutako kezketako batzuk.

Aurrera begira

Irizpideak bateratzeko azken ariketa, aurrera begirako lan-ildoak finkatzea izan zen. Hala, zenbait neurri edo zeregin ondorioztatu zituzten, hala nola, Euskal Herrian ez ezik, kanpoan ere gaztaren ezagutza eta kontsumoa sustatzea; izaera profesionala sortzea, ogibidea balioztatzeaz gain, artzainek egiten duten kalitatezko lanaren eta ekoizpenen mezulari zuzenak izateko; espezieen eta bazkaren kontrola bermatuko dituen metodoak ezartzea; hobekuntza genetikoarekin jarraitzea, baina esnearen produkzio-kopuruaz gain bestelako parametro batzuk ere kontuan hartuta; salmenta-zirkuitu laburrak eta gertukoak garatzea; kudeaketa koordinatua egitea eta kudeaketan aspektu ekonomikoaz harago, beste balio batzuk kontuan hartzea, esaterako, bertako ekonomiari, landa-lurrari eta ingurumenari egiten zaion ekarpena, kalitatearen balio erantsia...

Hausnarketa sakonak azaleratu zituen lehenengo aldiz egin den mintegi honek. Nabaria izan zen beren ofizioa maite duten eta iraunarazteko prest daudenenek eginak zirela; zerbait argi geratu bazen, artzaintzan jarduteko bokazio handia behar dela izan zen.

ARRAZAK

Egun bertako bi ardi arraza daude: latxa eta manexa. Bakoitzak bi azpi-espezie ditu: mutur beltzak eta mutur gorriak. Gaztetan, berriz, hiru label edo sor marka daude: Ossau-Iraty; Idiazabal eta Erronkari.

ESNEA

Ipar Euskal Herrian, hamabost urtetan esne produkzioa bikoiztu egin da. 1991n, etxalde batek 10.000 litro ekoizten zuen batez beste urtean. Gaur, ia 24.000 litro. Artzainen irabaziek, ordea, garai hartako maila bertsuan jarraitzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo