GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Harri handien finala

Irigoienek txapela lortzeaz gain, marka berria ere ezarri du

Errezildar gazteak sekulako lana egin zuen, eta 9.475 kilo berdindu zituen bizkarrean, aurretik zegoen marka 525 kilotan hobetuz

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Aimar Irigoienek irabazi zuen atzo Amurrion jokatu zen Euskal Herriko finala. Errezildarrak, ordea, marka guztiak apurtu zituen, egindako lana sekulakoa izan baitzen, eta txapelketa horretako orain arteko errekorra gainditu egin zuen.

Bi kirolarirekin bakarrik jokatu zen finala. Bien artean aldea badago, eta zerbait gertatu ezean, garbi zegoen postuak nola izango ziren. Irigoienek, ordea, Goenatxok zuen marka hobetu egin nahi zuela adierazi zuen aurretik, eta halaxe egin zuen.

Goenatxok guztira 8.930 kilo zeuzkan jasota 1999ko abuztuaren 21ean Iekoran. Atzo Aimarrek, 9.475 kilo jaso zituen, azkoitiarrak baino 525 kilo gehiago. Horretaz gain, harri bakoitzarekin egindako lana ere sekulakoa izan zen. 200 kiloko errektangularrarekin hasi zen, eta horri zortzi jasoaldi eman zizkion. Gero, 175 kiloko zilindroa etorri zen, eta hari, 17 jasoaldi eman zizkion, lehen zegoen marka baino bi aldiz gehiago jaso zuen.

Horren atzetik heldu zen 150 kiloko kubikoa, eta hau 16 aldiz jaso zuen; harri honekin Goenatxok zeukan marka berdindu zuen. Kasu hartan, ordea, azkoitiarra marka egitera bakarrik joan zen, eta atzo Aimar beste bi harrirekin ere lana eginda zegoen. Baina hor ez zen amaitu errezildarrak emandako erakustaldia, 125 kiloko bolarekin ere txapela kentzeko moduko lana egin baitzuen. Harri horren errekorra berea da, 21 jasoaldirekin, baina orduan hori egitera bakarrik joan zen. Atzo beste hiru harrirekin lana egin ostean, hogei aldiz berdindu zuen bizkarraren gainean, eta hori sekulakoa izan zen. Ez da harritzekoa bertaratu ziren ikusle guztiak aho zabalik uztea, 21 urteko gazte honek emandako erakustaldia, dudarik gabe, ikaragarria izan baitzen.

Guztira, 82 jasoaldi egin zituen, eta 9.475 kilo jaso zituen bizkar gainean. Aimarrek aurten jokatu dituen lehiaketa guztiak irabazi egin ditu. Atzo harri handien Euskal Herriko txapela irabazi zuen, baina abuztuan harri txikiena ere bereganatu zuen.

Landarbide

Aimar Irigoienek egindako lana ikusgarria izan baldin bazen ere, Landarbidek ere ez zuen lan makala egin, ezta gutxiago ere. Berak bazekien Irigoienen aurretik egitea ezinezkoa zela, eta berak ahal zuen lanik onena egin nahi zuen. Aiakoak berriro ere berea ongi bete zuen, eta zaleek txaloen bidez ederki eskertzen saiatu ziren.

Landarbidek lau aldiz jaso zuen 200 kiloko harri errektangularra. Sei aldiz berdindu zuen bizkarraren gainean 175 kiloko zilindroa, eta zazpi jasoaldi eman zizkion 150 kiloko kubikoari. Azkenik, zortzi jasoaldi eman zizkion 125 kiloko bolari. Amaieran, beraz, 25 jasoaldi eman zituen, eta 3.900 kilo jaso zituen bizkarraren gainean. Erabili zituzten lau harriekin lanean aritzeko hiruna minutuko txandak izan zituzten.

Hori guztia kontuan izanik, atzoko finala ezin esan txarra izan zenik. Alde batetik, Irigoienek zer nolako maila duen ikusteko modua izan baitzen; ez da ahaztu behar gainera, 21 urte dituela, beraz, lesioek laguntzen baldin badiote, bere helmuga oraindik oso urruti dago. Bestetik, Landarbidek, nahiz eta adinean aurrera joan, bere maila eman zuen.

Alde txarra, berriz, partaideen kopurua izan zen, bi bakarrik izan baitziren, eta hori Euskal Herriko Txapelketa bati dagokionez oso kopuru eskasa da. Ea heldu den urtean gehiago diren.

«Marka hau egiteko asmoa eraman dut, eta ongi atera zaigu»

Aimar Irigoien pozez gainezka zegoen atzo, eta zer nolako lana egin zuen ikusita guztiz normala da: «Lehen zegoen marka apurtzeko asmotan etorri naiz, eta dena ongi atera zait», esan zuen.

Gero, saioa nola joan zen ere argitu zuen: «Errektangularrarekin lasai aritu naiz, gordez, eta zilindroarekin oso ongi aritu naiz. Kubikoarekin asko nekatu naiz, baina ongi bukatu dut».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo