GARA > Idatzia > Musika

Womex: munduari ateak zabaldu (eta bertakoei itxi)

p054_f02_110x173.jpg

Blanca IZKUE

Musikagintzako langilea

Womex feria ospatu da joan den astean Sevillan. Duela 13 urte Alemanian sortua, ekimen honek World music edota munduko musikaren inguruan ari diren artista, disko etxe, sustatzaile, banatzaile, kazetari eta sektoreko hainbat profesional batzen ditu orain arte ibiltaria izan den azokan. Mundu zabaleko folka, musika etnikoa, tradizionala eta alternatiboaren merkatua garatzen dutenak biltzen dira bertan, tokiko artistak zein diasporakoak. Iaz, aurten eta, antza denez, aurrerantzean, Andaluziako hiriburuan egonkortuko da merkatu hau. Bertako Kongresu Jauregian atontzen dira erakusmahaiak, enpresa edo elkarte bakoitzak bere artistak ezagutzera emateko eta negozioak gauzatzeko toki finko bat edukitze aldera. Stand zinez interesgarriak ikus daitezke bertan, ohituta gauden estilotik arras ezberdinak: koloretsuak, exotikoak, kutsu etnikoz beteriko jendea. Enpresa gehienak europarrak izan arren, mundu osoko artistak daude ordezkatuta bertan. Bitxia, zinez, han biltzen diren arrazak, hizkuntzak, janzkerak, orrazkerak... Aniztasuna, gure etnizismoaren kontrako botika ederra.

Womexen ezaugarri nagusia, aldiz, zuzeneko musika aditzeko parada ezin hobea omen da. Azokako ordutegia amaituta, kontzertuek hartzen diote lekukoa eguneko jarduerari. Lope de Vega antzoki zoragarrian eta Espainiako Plaza ederrean paratutako bi karpatan, azokako sustatzaileen artistek haien kontzertuak eskaintzen dituzte. Egitaraua zabala eta interesgarria dela ezin uka, esklusiboa eta itxia bezainbeste. Egunean zehar kutsu solidarioa, zabala, ia hippia duen eginkizuna, gauean zeharo elitista bihurtzen da. Izan ere, azokako partaideek besterik ez dute zuzenekoetara sartzeko aukera, «for delegates only». Turisten gisa, eskumuturrean ipintzen ziguten xingolatxoak zabaltzen zizkigun ateak, Sevillako biztanleei ez bezala. Kontzertuok profesionalei zuzentzea estimatuta dago, feriarako sarrerak ordainduta eskubide hori bermatzen baitzaie. Baina zergatik ukatu bertakoei zuzeneko musika gozatzeko eskubidea? Sevillako Udalak toki publikoak ixten eta mugatzen ditu azken finean kanpoko enpresa pribatu batek antolatzen duen feria komertzial bat gauzatzeko. Hiriko turismoa bultzatzea jasotzen omen du Udalak ordainetan, baina, tamalez, eta berriz ere, hiritarrak ez dira saltsa honetaz guztiaz batere profitatzen. Berriro ere indioak galtzaile.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo