GARA > Idatzia > Kultura

Modest Cuxart margolari kataluniarra zendu zen atzo

GARA | GIRONA

«Dau al Set» taldeko sortzaileetariko bat, 81 urte zituela hil zen atzo goizaldean Modest Cuixart margolaria, Palamoseko (Girona) ospitalean.

1925ean Bartzelonan jaioa, Estatu espainoleko gerraostean, 40ko hamarkadan, «Dau al Set» abangoardia taldea sortu zuen, Joan Brossa, Joan Ponç, Antoni Tapies eta Joan Josep Tharratsekin batera. 1970ean Gironako Palafrugell aukeratu zuen bizitoki, eta ohikoa zuen herriko kaleetatik osteratxoa egitea, atzo zendu zen arte. 2002an, bost hamarkadako ibilbide oparoa osatu ostean, pintatzeari utzi zion.

Baix Empordako Palafrugellen bere izena daraman fundazioa dago, 1998az geroztik.

Berritzailea

1959an Sao Paoloko biurtekoan pintura sari nagusia lortu zuen. Creu de Sant Jordi, Isabel la Catolica domina eta Bartzelona hiriko urrezko domina ere jaso zituen, besteak beste.

Bere margoek espresionismotik abstrakturako bidea egin dute, teknika eta prozedura berriak bilatuz beti. Bere ibildidea, XX. mendeko bigarren erdiko artearen laburpen gisa ere uler daiteke, margoari dagokionean.

Itzal handiko museoetan eskegi izan ditu lanak, besteak beste, New Yorkeko Guggenheimen edo Tate Galleryn.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo