GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Pzoé-ren Arka Ģes muchoģ

Monarken gaitza zela uste nuen estreinakoz entzutean. Urtean batean landa-eremuko asfaltotik joan, jarraigoa eta guztiz, eta liztor jatorraren batek dzast! eztenkada eginda zauria miazkatuz sortutako gaitza zutela. Baina ez, geroxeago jakin izan dut, informazio-autopisten gizarteari esker, ez dela monarken gaitza, lau hankako ganaduarena baino. Mingain urdinaren kontuaz nago. Ondo pentsatuta nire lehenengo gogoeta erratua zela onartu beharra daukat: monarkak landa-eremutik? ez eta urtean batean ere! ehizan ez bada eta artza mozkortua! Ez dakit zergatik baina Nafarroako artzapezpikua etorri zait burura orain. Harira! ze gauza handia den informazio-autopisten gizartean bizitzea, peajea ordaindu behar bada ere! Albisteak zatika entzunda ere erraz batean lotu ditzakezu zatiok, puzzle baten antzera, eta ustez hemen edo han gertatu bide denaren berria zure gustura moldatu. Horra, kasuko, egunotan moldatu dudan informazioa. Izan bada beheko estatuan gobernuz barruko erakunde bat, OSG bat gazteleraz, El Arca de Pzoé izenekoa, hemengo gazte asko bahitu eta hara hegazkin ezean atoan autoan eramaten dituena, nazional 1etik jakina, eskubideak ez eskuburdinak bai. OSGaren ohiko bozeramaileen esanetan, kritikei erantzuna edo, gazteok ez dira umezurtzak, senide asko eta askotarikoak dituzte, horra bahiketaren arrazoi nagusia. Hara eramanda oraingo kontua zera da, zein espetxek egingo dien harrera denbora luze batez, etxean izan ez duten beroa espetxean izan dezaten edo. Pentsatzen hasita nago klima aldaketak uholde handiak ekartzean Pzoéren ontzian mingain urdindunak beste ganadurik ez dutela sartuko.

«Pixka bat es mucho» abian da. Ez dakit mamia ondo ulertu dudan. Oker ez banago Lakuako gobernuak bere lehendakariaren plana sustatzeko kanpaina elebiduna da. Beheko estatuko OSGarekin erreformaren erreformari pixkazko ukitua eman eta kristorena balitz modura aurkeztu. Tumatxa! Ezker abertzalea atoan, segituan, azaldu da erne, Euskaltzaindia bezala, «pixka bat es un poco» zehaztuz, euskarazko hiztegi entziklopediko berritua eskuan. Iruzurrik ez! Bitartean, University of Harvard-ek irakasgai berria izango du laster, Transversality I, kimikari euskaldun batek emanda. Eman ta zabal zazu, edo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo