GARA > Idatzia > Euskal Herria

Elorrioko eta Anoetako herritarrak ia aho batez AHTren aurka agertu dira

Oso pozik ziren atzo iluntzean Elorrioko eta Anoetako herri galdeketa antolatu zuten lagunak. Bai emaitzek erakutsi dutenagatik, baita oztopo guztien gainetik herri-galdeketa egitea lortu dutelako ere. Baina biak ere, are eta kontentago ziren «herritarrek iritzia emateko duten eskubidea bermatu dugulako». Parte hartze handia izan zela nabarmendu zuten; gainera, gehiengoz eman diote ezezkoa Elorriok eta Anoetak AHTren proiektuari.

p020_f02.jpg

Gari MUJIKA | DONOSTIA

Herritarren parte hartze handia izan zen atzo Elorrion eta Anoetan Abiadura Handiko Trenaren gainean egin ziren herri-galdeketen ezaugarri nagusia; emaitza benetan esanguratsua izan zen: parte hartzaile gehienak proiektu erraldoi honen aurka agertu baitira. Zehazki, Elorrion, boza emateko eskubidea zutenen (6.076) %37,54k (2.281 personak) hartu zuten parte; eta horietatik %93,34 (2.129 pertsona) AHTren aurka agertu ziren. Beste horrenbeste gertatu zen Anoetan: 1.300 pertsonak eman zezaketen boza, eta 470 izan ziren galdeketan parte hartu zutenak. Horietatik, 462 lagunek (%98,3) AHT proiektu erraldoia errefusatu zuten.

«Ados al zaude Abiadura Handiko Trenaren proiektuarekin?». Galdera honi eman zioten erantzuna atzo Anoetan eta Elorrion ehunka herritarrek; eta antolatzaileek nabarmandu zutenez, giro paregabean, gainera. Baina bai Anoetako, bai Elorrioko galdeketaren antolatzaileek, jazotako emaitzekin tematu baino, nahiz eta datuen garrantzi kualitatiboa nabarmendu, herri galdeketa aurrera eraman izanarekin agertu dira pozik. Batik bat, eta nagusiki, izan dituzten oztopo guztiez harago, herritarrek parte hartzeko eta beren iritzia emateko aukera bermatua izan dutelako agertu dira baikor.

Izan ere, nahiz eta azkenean bi udalerrietan herri galdeketak egin, bilakaera desberdinak izan dituzte Elorriokoak eta Anoetakoak. Gipuzkoako udalerrian hilabete ugari izan dira AHT Gelditu Elkarlanaren eskutik, eta bere jiran antolatu diren herri eragileen partetik, Abiadura Handiko Trenaren inguruan informazio eta eztabaida dinamika iraunkorrean aritu direla; eta atzoko herri galdeketa, prozesu horren goren gunea izan da.

Elorrion, ostera, bestelakoa izan da. Bizkaiako herri honetan, Udaletxea izan zen herri-galdeketa gauzatzeko gidaritza hartu zuena; baina joan den astean, Gobernu espainolaren Ordezkaritzaren salaketaren ondorioz, administrazioarekiko auzien epaitegiak bertan behera utzi zuen Elorrioko Udalak hobetsi zuen akordioa.

Hala, ostegunean, udal akordioaren suspentsio behartua jakinarazi zutenean, Elorrioko hainbat herritarrek bere gain hartu zuten herri galdeketa azken muturrera eramateko konpromisoa. Herritar talde honetako kide Aritz Luzarrek atzo GARAri azaldu zionez, «herritarrok ez dugu gustuz edo nahi genuelako apustu hau gure egin, arduragatik egin dugu. Bestela izan beharko luke, hasieran egin behar zen bezala, baina nahiz eta oztopo bat izan den debekua ezartzea, herritarrok hori ere gainditzen jakin izan dugu. Eta horregatik ere oso pozik gaude».

Hautesontzien mahaiak goizeko 8.30ean osatu zituzten, Berme Batzordearekin batera. Ordu laurden geroago, hautesontziak prezintatu zituzten eta 9.00etan puntuan, Elorrion zehar barreiaturik ziren bost mahaiak -bakoitzean presidente bat eta bi bokal-.

Elorrioko herri galdeketaren jarraipena egin zuen Berme Batzordea Durangaldeko alkateen eta zinegotzien artean eratu zen. Zehazki ondoko hauek osatu zuten: Durangoko Dani Maeztu eta Ritxar Alberdi; Abadiñoko Jon Peni Larruskain eta Araitz Basauri; Arrasateko Ino Galparsoro eta Izabi Mondragon; Atxondoko Daniel Cobos eta Onintze Oleaga; eta Izurzako Iker Ballarin eta Lorea Muñoz.

Parte hartzea, protagonista

Elorriok 7.500 biztanle baditu ere, 6.076 ziren bozka emateko eskubidea zutenak. Eta eguerdiko 12.00etarako, jada, %17k, 1.032 pertsonek, emana zuten iritzia. Hautesontziak 20.00e- tan itxi zituzten.

Anoetan, aldiz, herriko plazan jarri zuten bozka emateko gunea. Egun osoan zehar egon zen bertan; Elorrion egin bezala, goizeko 9.00etatik 20.00etara. Baina, hautesontzian bozka ematearen parte hartzeaz haragoko eskaintza egin zieten antolatzaileek anoetarrei; hala, egun osoan zehar, jolasak, orotariko ekitaldiak, dantzaldiak eta gisa honetako ekimenak egin zituzten; eta horietan izandako parte hartzea ere handia izan zela nabarmendu zuten. Udalerri honetan, ordea, 1.300 herritar ziren boza emateko eskubidea zutenak, eta arratsaldeko 18.3otan ia bostehunek emana zuten jada iritzia.

Eguerdi aldera egin zuten gipuzkoarrek egunaren nondik norakoen lehen balorazioa. Lehen ordutik herritarren joan-etorria ikaragarrizkoa zela-eta, oso pozik agertu ziren anoetarrrek emandako erantzunaz. «Une honetan oso balorazio positiboa egiten dugu, azken hilabeteetan aurrera eraman den sentsibilizazio kanpaina bere fruituak ematen ari baita. Argi eta garbi geratu da gaurkoan ere, AHTren gaiak anoetarrak arduratzen dituela eta herritarrek horri buruz duten iritzia eman nahi dutela. Gaur aurrera eramaten ari garen ekintza, beraz, oso garrantzitsua da guretzat, herritarrek iritzia emateko duten eskubidea bermatzen ari garelako», azaldu zuten.

Anoetako alkatearen eskerrak

«Iritzia emateko herritarrek duten eskubidea bermatzea». Helburu bera bilatu eta lortu dute baita Elorrioko galdeketa bultzatu dutenek ere. Bizkaitarrek ere behin eta berriro nabarmendu zuten ideia izan baitzen horixe. Hala, galdeketak eman dituen emaitzez harago, anoetarren parte hartzea «oso handia» izan delako poztu ziren batik bat.

Anoetako alkateak ere, Periko Peñagarikanok, adierazpen positiboak egin zituen udalerrian egindako herri-galdeketan ikusitako parte hartzearen karira. «Traba eta oztopo guztien gainetik, jendearen parte hartzea handia izaten ari da eta hori oso garrantzitsua da», azaldu zuen. Are gehiago, eskerrak eman zizkien herriko AHT Gelditu Elkarlanari, azken hilabete luzeotan egindako lanagatik.

Arratsaldeko 20.00etan itxi ziren hautesontziak Elorrion eta Anoetan, eta minutu gutxiren buruan jakinarazi zituzten. Hala ere, eta nahiz eta behin behineko balorazioak egin zituzten udalerri bakoitzeko antolatzaileek, Anoetan gaur arratsaldean prentsa agerraldia egingo dute irakurketa orokorra emateko asmoz.

Elorrioko galdeketaren begirale gisa aritu ziren Berme Batzordeko kideek, gainera, atzoko egunaren nondik norakoak jasoko dituen informea egin behar dute. Orain, galdeketaren emaitzak Elorrioko Udalera bideratuko dituzte, gero Bizkaiako Aldundira eta azkenik Lakuara.

GEHIENGOA AURKA

Bozka emateko eskubidea zutenen %37,5ek hartu zuen parte Elorrion, eta %93,3 AHTren aurka agertu zen. Anoetan, aldiz, boza eman ahal zuten herritarren %36k hartu zuen parte, eta % 98,3k gaitzetsi zuen proiektu erraldoia.

ANV critica la actitud del resto de partidos

El alcalde ekintzale de Elorrio, Niko Moreno, compareció ayer en el municipio vizcaino, en compañía de la juntera de ANV Arantza Urkaregi, para dar su opinión sobre la consulta que han promovido un grupo de elorrioarras después de que un auto judicial anulara el acuerdo municipal del Consistorio, mediante el que se convocaba al pueblo de Elorrio a una consulta sobre el TAV.

Moreno recordó que el Ayuntamiento está «desvinculado» del referendo que se llevó a cabo ayer mediante un bando que publicaron la pasada semana, pero destacó la «limpieza y seriedad» con las que se desarrolló la jornada.

Arantza Urkaregi, por su parte, fijó sus críticas en el PNV, PSE y EA, por la actitud que mantienen ante estas consultas. En concreto, tildó a la formación jeltzale de «hipócrita» por aprobar en su ponencia política el derecho a decidir mientras se opone a la convocatoria de consultas sobre el TAV. Acto seguido se dirigió a estas tres formaciones para preguntarles «por qué tienen miedo a oír» la opinión de los vecinos de los distintos municipios por los que está previsto que pase el TAV. GARA

Oso pozik

Bai Elorriko, bai Anoetako antolatzaileak oso pozik agertu ziren parte hartzea handia izan zelako. Poza handiagoa zen, ordea, galdeketak egiteko jarri dizkieten oztopoak eta zailtasunak kontuan hartuz gero.

GALDERA ZEHATZA

«Ados al zaude Abiadura Handiko Trenaren proiektuarekin?». Hauxe izan zen Elorrioko eta Anoetako herritarrek erantzun zuten galdera. Emaitzek argi erakutsi dute udalerriok proiektu horren aurka daudela.

Instituzioetara

Anoetako galdeketako antolatzaileek gaur arratsaldean egingo dute balorazio orokorra. Elorriokoek, ostera, jada aurreratu dute emaitza hauek lehenik herrian zabalduko dituztela, eta gero Udalera, Aldundira eta Lakuara bideratuko dituztela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo