GARA > Idatzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Orotariko elkartasuna

Estatuek Euskal Herriaren kontra gauzatzen duten jazarpen politikoaren kronika luze eta beltzaren pasarte ilunetarikoak dira makrosumarioak. 18/98ko auziarekin batera Madrilera bertaratu zen nazioarteko behatzaile batek adierazi zuenez, ez frogarik gabe soilik, baita deliturik izan gabe egin dute epaiketa. Bermerik gabeko prozedura horrek garbi utzi du Euskal Herriko eraikuntza nazionalean aritzea zigor handia merezi duen delitua dela deliberatu dutenek euskal herritarrak kondenatzeko bestelako frogarik ez dutela behar.

Epaia ezagutzera eman aurretik, auzipetu gehienak etxetik edo lantokitik atera eta kartzela espainiarretara eraman dituzte. Bistan da neurriz kanpoko erabaki berri baten aurrean gaudela. Hala ere, prozedura juridikoaren nondik norakoak hausnarketaren ardatz bakartzat hartzea ez zait oso komenigarria iruditzen. Iraganean hartu ziren beste erabakiekin gertatu zen bezala -besteak beste herritarrak atxilotu, inkomunikatu eta hainbat kasutan torturatu egin zituzten- helburu politiko zehatz batekin -jokaleku politikotik independentismoaren aukera ezabatzeko helburuarekin, alegia- egin baitute une honetan 46 lagun atxilotzeko hautua. Horrek kritika baino erantzuna eskatzen duela esan beharrik ez dago.

Bihotzeko lagunen izenak aipatu eta askoz haratago joan gabe bidegabekeria judizialaren salaketan gera ninteke; eta noski, lanbide honetan dakidan apurra irakatsi didaten preso hartu dituzten kazetarien errugabetasuna aldarrika nezake soilik. Horrela barruan sentitzen dudan amorrua hala-hola askatuko nuke, akaso.

Izan ere, ez nago independentisten artean zuriak eta beltzak diren faltsukeria indartzeko prest; are gutxiago, nire pentsamoldearen araberako sailkapen mingarri bezain hutsalak egiteko, hala inkisidorearen uste ustelak indartuz. Bazter guztietan orotariko elkartasuna zabaltzea eta herritar hauen eta beste askoren konpromisoari -norberak dituen tresnak erabiliz- oihartzuna ematea baita, ene uste apalean, euskal demokrazia eraikitzeko modurik eraginkorrena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo