GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Azurmendi eta Ugarteburuk eskura dute final-laurdenak jokatzeko txartela

Arriarrangoak eta Ezkiokoak gaur Otaño eta Lasa menderatzen baldin badituzte, hurrengo fasean lehiatu ahal izateko moduan izango dira

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Azurmendik eta Ugarteburuk Urrezko Aizkorako final-laurdenak jokatzeko txartela eskuratzeko aukera paregabea dute. Horretarako gaur Urretxun irabazi egin beharko dute, eta azkeneko jardunaldian gertatzen dena gertatuta ere, beraiek sailkatu egingo dira.

Izan ere gaur Santaluzia eguna da, eta festa handia izango da bai Urretxun, baita Zumarragan ere. Urrezko Aizkorako bi saio jokatuko dira Urretxuko Ederrena pilotalekuan, 12.30etatik aurrera. Hirugarren eta laugarren multzoetako bigarren jardunaldiak izango dira.

Hirugarren multzoan, Ugarteburuk eta Azurmendik azkeneko jardunaldia izango dute. Lehenengoa, pasa den igandean, irabazi egin zuten Olasagastiren eta Mujikaren aurka, eta gaur Otañoren eta Lasaren aurka gauza bera egiten baldin badute, jadanik sailkatuta egongo lirateke. Galduz gero, multzoko azkeneko jardunaldian zer gertatu zain egon beharko dute.

Gaurko saiorako Arriarangoa eta Ezkiokoa aterako dira faborito. Eskarmentu handia izateaz gain, lantegi hauetara ongi moldatzen dira. Hala ere, tentuz ibili beharko dute Otañorekin eta Lasarekin. Biko ona osatzen dute, eta denboraldi paregabea osatu du Ibarrakoak, nahiz eta beti punta-puntan egotea ezinezkoa den, eta une hau, agian ez da Otañorentzat gozoena. Orain arte egin duen guztia kasualitatea ez dela erakusteko aukera ederra izango du.

Bi hauek gaur galduko balute ere, ez lirateke kanpoan geratuko, bigarren sailkatuak ere aurrera egiten baitu, eta azkeneko jardunaldian Mujikari eta Olasagastiri irabazi beharko lieke. Irabazita, berriz urrats handia emango lukete aurrera.

Azken aukera

Anjel Arrospideren egoera bestelakoa da, Leaburukoak sailkatzeko azkeneko aukera izango du. Zubiagarekin osatu du bikoa lehiaketa honetan, baina min hartu zuen pasa den igandeko saioan, eta gaur Aierbe II.a izango du alboan. Aurrez aurre, berriz, Txapartegi eta Etxebeste dituzte.

Arrospide eta Aierberentzat azkeneko aukera izango da. Laugarren multzo honetako beste bikoa Peñagarikanok eta Arriak osatzen dutena da, eta haiek irabazi egin zien pasa den larunbatean, beraz final-laurdenetara sailkatu nahi baldin badute, gaur nahi eta nahi ez irabazi beharko dute Arrospidek eta Aierbek.

Leaburukoa, nahiz eta laguna ez duen ohikoa izango, gaur faborito aterako da. Berak markatu behar ditu ezberdintasunak. Oso ongi dago, lan hau primeran egiten du, eta saiatuko da oraingoan ere lan handia egiten. Aierbe bera ere aizkolari ona da, eta Arrospide bezalako baten alboan lan egitea errezagoa da.

Txapartegirentzat eta Etxebesterentzat lehen ekinaldia da gaurkoa. Saio hau galdu arren beste aukera bat izango dute Arriaren eta Peñagarikanoaren aurka, baina gaurkoa zaila baldin badute, hura ez da askoz samurragoa izango. Beraz, final-laurdenetara sailkatu nahi baldin badute, gaur irabaztea izango dute onena, orduan seguru egongo baitira sailkatuta. Gaur irabazita hurrengo fasean egongo lirateke, nahiz eta bigarrena galdu. Bi saioetan lan bera egin beharko dute. Sei proba ezberdin izango dira, eta lan bakoitzeko denbora batzen joango da. Amaieran lan guztiak bukatzeko denborarik gutxien behar duen bikoak eramango du garaipena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo